Aukeratzen ari direla ematen du. Wiggle taldeak indarrean jarraitzen du Emakumeen Biran. Emma Johanssonek irabazi zituen lehen bi etapak, Eskoriatzan eta Urkiolan, eta Giorgia Bronzini nagusitu da gaur esprintean, Berriatuan. Lotta Lepisto (Cervelo Bigla) bakarrik izan da gai Wiggle aurre egiteko, aitzin-etapa irabazita. Hain zuzen ere, finlandiarra ez da abiatu gaur, gaixorik baitago. Oso gorabeheratsua izan da etapa, ordekan metro bakar bat ere ez daukalako Lekeitio-Ondarroa-Berriatua inguruak. Horren eraginez, eta Wiggle lasterketa kontrolpean zeukala, erritmo bizi-bizian ibili dira azken itzulian. Karol-ann Canuel (Boels Dolmans) gogotik saiatu da tropela estu hartzen, eta minutuko aldea ere izan du Berriatuako bigarren tarteko helmugan. Baina Johansson bera lanean hasi da azken kilometroetan eta ezerezean gelditu da saiakera. Esprint estuan, Bronzinik aurrea hartu dio Carmen Smalli (Cervelo Bigla). Gutxin-gutxienik, mendiko maillota bere egin du estatubatuarrak.
Oso maila ona emanda, sailkapen nagusian bederatzigarren posturaino igo da Ane Santesteban (Ale Cipoliini). Johanssonengandik 1.03ra dago orain errenteriarra. Suediarrak 25 segundoko tartea dauka Megan Guarnierrekiko (Boels Dolmans) eta 28koa Smallekiko. Bihar Portugaleten hasi eta amaituko da laugarren eta azken etapa (75,8 km).