Atletico Madril 1-0 Alaves

Liderraren zelaian berdintzeko zorian

Ausart zelairatu dira arabarrak, eta neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan penalti bat ere izan dute alde. Oblakek geratu du Joseluren jaurtiketa. Jaitsiera postuetan daude oraindik.

Alaveseko jokalariak Correari baloia kendu nahian, gaur, Wanda Metropolitanon (Madril). EMILIO NARANJO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 21a
21:22
Entzun

Alavesek aurkari zaila zuen parean: Espainiako Ligako liderra. Atletico Madrilek, ordea, asko sufritu behar izan du arabarrei irabazteko, eta Jan Oblak atezainaren gelditu ikusgarri bati esker eskuratu ditu hiru puntuak. Harro egoteko moduko neurketa egin dute Abelardoren mutilek, baina horrek ez du balio sailkapenerako; azken-bigarren daude oraindik babazorroak, jaitsiera postuetan.

Ausart zelairatu da Alaves, eta neurketako lehen aukera argia haiena izan da; Joseluk, ordea, ez du asmatu ate aurrean. Lehen zatian ez da eroso egon etxeko taldea, eta ez du gol aukera askorik sortu, nahiz eta minutuak igaro ahala bere atetik geroz eta gertuago jokatu duen Alavesek.

Bigarren zatia bestelakoa izan da. Trippierrek etengabe sortu du arriskua bere hegaletik, eta haren erdiraketa bat baliatu du Luis Suarezek neurketako gol bakarra sartzeko, 53. minutuan. Buruz, bikain errematatu du Uruguaiko aurrelariak. Minutu gutxi geroago izan dute madrildarrek bigarrena eskuratzeko aukerarik argiena; orduan ere Trippierrena izan da jokaldia, baina Marcos Llorenteren erremateari ederki erantzun dio Pachecok.

Azken minutuetan Atleticorena izan da baloi jabetza, baina jokaldi arraro samar batean penaltia eskuratu du Alavesek. Atleticok zuen baloia, Luis Rioja Savic presionatzera joan da, eta hark ukalondoarekin aurpegian eman dio area barruan. Bideoan begiratu ostean hartu du erabakia epaileak. 82. minutua zen. Joselu izan da jaurtiketa egiteko arduraduna, baina baloiaren norabidea asmatu egin du Oblakek.

Atletico Madril: Oblak; Gimenez, Savic, Hermoso, Carrasco, Lemar (Herrera, 73'); Trippier, Koke, Marcos Llorente; Luis Suarez eta Correa (Saul, 73').

Alaves: Pacheco, Laguardia (Alberto Rodriguez, 69'), Duarte, Lejeune, Ximo Navarro, Pere Pons (Borja Sainz, 79'); Battaglia, Pellistri, Jota Peleteiro (Abdallahi Mahmoud, 69'), Edgar Mendez (Luis Rioja, 59') eta Joselu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.