Lievremonten azken dantza ote?

Kritikaren jopuntuan egon da azken asteetan Frantziako hautatzailea; eta gaur, Ingalaterraren aurka, bere irudia eta kargua salbatzeko aukera du.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Lehen begi kolpean, Marc Lievremontek dena dauka jendearen oniritzia lortzeko. Gizon azkarra da, irribarre atsegina du, eta bere adierazpenetan zintzoa eta zuzena da. Kazetariek laket duten pertsona mota da: bere hautuak esplikatzen ditu, analisia egitea gustuko du, eta ez daki gezurra esaten.

Munduko Kopa honetan, halere, kazetariekin tentsio handieneko harremanak izan dituenhautatzailea izan da, ziurrenik, Frantziako selekzioarena. Haren ateraldiak famatu egin dira: «Aztoratzen nauzu zure galderarekin. Ez diot erantzun nahi, ados?», erantzun zion kazetari bati Zeelanda Berriaren aurka 37-17 galdu ondoren. «Jokalarien partida ez dut komentatuko. Horrekin konformatu beharko duzu. Edo, bestela, badakizu non dagoen atea», esan zion beste bati, porrot horren biharamunean.

Hautatzaileekin usu gertatzen den bezala, hasieran Lievremont eta prentsaren arteko harremana oso ona zen. Baina urteak joan ahala, lehen krisiak etorri ziren: Australiaren aurka 2010eko azaroan 16-59 galdutako partida lehenbizi, 2011ko Sei Nazioen Torneoan Italiaren aurkako porrota gero (22-21), eta Tongaren aurkako umilazio historikoa (19-15) azkenik. Emaitza horiek piperra ezarri dute Lievremonten eta iritzi publikoaren artean. Bere izaerak ere ez du lagundu. Kritikak aise botatzen dituen horietakoa baita Frantziako hautatzailea. Jokalariak behin baino gehiagotan jendaurrean kritikatu ditu: Traille, Hariñordoki, Marconnet, Szarzewski, Trinh-Duc... Zerrenda luzea da. Estilo horrek ez du laguntzen jokalariekin harreman onak edukitzeko. Munduko Kopa honetan, adibidez, Picamoles eta Traillek jendaurrean kritikatu dituzte Lievremonten hautuak.

Hautatzailearen erabaki batzuek eta bere burugogorkeriak ere bazterrak nahastu dituzte. Aukera batzuekin tematzea egotzi zaio Lievremonti, eta bat-batean beste norabide baten alde egitea, inolako azalpenik gabe. Horrela gertatu da, adibidez, irekitzaile postuan. 2007tik François Trinh-Duc gaztearen alde egin du. Parioa, Trinh-Duc goi mailan lau urtez prestatzea zen, Munduko Kopako irekitzailea izateko. Horrela gertatu da, kritikari batzuek beste jokalariekin saiatzea nahiago izan arren. Hara non eta Munduko Kopako bi partida jokatu ondoren, Lievremontek Trinh-Duc ordezkoekin uztea erabaki duen, haren ordez usaian uztartze erdia den Morgan Parra ezarriz. Parra beraren postuan antzeko hautua egin du. Clermonteko jokalaria Lievremonten lehen apustua izan zen. Munduko Kopa heltzean, ordea, Yachviliren alde egin du, azken urteetan oso gutxi jokatu badu ere. Bide batez Parra 10 postura eraman du. Saioaren ondorioa? Jokoa zuzentzeko ardura duten Yachvili eta Parrak ez dute sekula elkarrekin jokatu.

Kritikak, beraz, ugariak dira Lievremonten aurka. Frantziak Sei Nazioen Torneoan eta Munduko Kopa honetan eman duen itxurak ere ez du lagundu. Baina partida bakarrean dena alda daiteke. Final-laurdenetan sartu da lehiaketa, eta Ingalaterrari irabaztea lortzen badu (09:30, TF1), Munduko Kopa salbatuko dute Frantziak eta Lievremontek. Iraganeko kritikak isilduko dira orduan. Kirolean, usu, partida batek gauzak erabat alda ditzakeelako.

Gales eta Irlanda, aurrez aurre

Irlandak eta Galesek gaur goizean jokatuko dute bigarren final-laurdena (07:00, France 2 eta Canal +). Bi zeltiar selekzioak konplexurik gabe ari dira Munduko Kopa honetan. Irlandak Australia garaitzea lortu zuen (6-15), eta Galesek oso gutxigatik ez zuen gauza bera lortu Hegoafrikaren aurka (17-16). Partida ikusgarria eta gustagarria izanen da, seguru, deabru gorrien eta hirustakoen artekoa. Beste bi final-laurdenak bihar jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.