Liga amaiera lasaia izateko puntuak lortu gura ditu Athleticek

Zuri-gorriek partida zaila dute gaur San Mamesen, Sevilla behetik gora ari baita Michelen aginduetara

Ibai Gomez, Schalkeri sartutako gola ospatzen. Gaur hasieratik joka dezake. ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Dena ezin da. Athleticentzat behintzat ezinezkoa da. Bartzelona da lehiaketa guztiak irabazteko lehian egoteko ahalmena daukan talde bakarra. Gainerako taldeentzat ezinezkoa da. Hainbat arrazoi tarteko, aukeratu beharrean egoten dira lehenago edo geroago: ordezkoek maila berari eusten ez diotelako, kanporaketa batean huts egin dutelako, bolada txar batek aukera barik utzi duelako taldea ligan… hamaika gauza gerta daiteke bederatzi hilabeteko denboraldi gogor batean. Athleticek ere aukeratu du. Ez taldeak gura izan duelako, baizik eta emaitzek behartu egin dutelako. Marcelo Bielsa anbizio handiko entrenatzailea da, eta sekula ez du ezkutatu Europako Ligan eta Espainiako Kopan lan bikaina egin arren, Ligan ere ahalik eta aurreren egon nahi zuela. Ez dira esanak bakarrik izan. Esandakoa egia zela erakusten duten erabakiak hartu ditu orain arte. Beti zelairatu ditu onenak. Baina jokalari horiek ezin izan dute hiru lehiaketen zama eraman. Ligako azken emaitzek argi eta garbi erakusten dute hori. Jokoan egon diren azken hamabost puntuetatik bakarra irabazi du Athleticek. Ondorioz, postu asko galdu ditu, eta agur esan dio lau onenen artean sartzeko ametsari.

Beraz, helburua aldatzeko unea ailegatu dela dirudi. Hurrengo jardunaldietako helburua izan behar da lehenbailehen mailari eustea bermatuko dion puntu kopurua lortzea. Bost puntu irabazita eginda egongo litzateke, baina badirudi gutxiagorekin ere nahikoa izango dela. Hori bai, beste garaipen bat ezinbestekoa da, 40 puntuko langa gainditzeko. Horretarako, hiru aukera izango ditu astebetean. Granadara bidaiatu eta Mallorca etxean hartu aurretik, Sevillaren bisita izango du San Mamesen. Une gozoan dago Sevilla. Denboraldi gorabeheratsua egin ostean, badirudi Michelen zuzendaritzapean egonkortu egin dela. Azken hiru norgehiagokak irabazita Europarako sailkatzeko borrokan sartu da. Kontuan hartzeko aurkaria da, baina Athleticek puntu premia duela erakutsi behar du. Gainera, partida aproposa izan daiteke konfiantza berreskuratzeko. Javi Martinez ez da ariko, txartel pilaketagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.