Liga bezperan

Bihar hasiko da 2006-2007 denboraldiko Asobal Liga. Portland San Antonio, Bidasoa eta Arrate ariko dira lehian. Hiru entrenatzaileekin hitz egin du BERRIAk, euren taldeak nola dauden ikusteko.

JULEN ETXEBERRIA-EDURNE ELIZONDO
2006ko irailaren 8a
00:00
Entzun
GALDERAK: 1. Zer moduz joan da denboraldi-aurrea? 2. Nola dago taldea?3. Nola ikusten duzu liga? 4. Zein helburu duzue? 5. Nola ikusten dituzu beste euskal taldeak?



«Arantzarenbat ateratzekogogoa dugu»



FRANCISCO JAVIER 'ZUPO' EKISOAIN
Portland San antonioko entrenatzailea
1. Oso kontent nago denboraldi-aurrean egin dugun lanarekin. Jokalariek lan ona egin dute, eta multzo sendoa osatzea lortu dute. Dena ongi atera da. Ez dugu arazorik izan, ezta ezustekorik ere, eta hori ona da, lana errazten baitu. Taldeak ilusioa berritu du, gainera, eta denboraldia hasteko irrikan gaude denok.

2. Taldea oso ongi dagoela uste dut. Lehiarako grinari eutsi diogu denboraldi-aurrean. Kalitate handiko taldea osatu dugu, eta aurtengo sasoian maila ona emateko gai izanen garela ziur naiz. Jokalari berriak oso ongi moldatzen ari dira taldera eta taldearen lan egiteko modura, eta hori ere garrantzitsua da. Ez dute aparteko arazorik izan. Ongi ari dira lanean, eta taldeari gauza on asko ekarriko diotela zalantzarik ez dut. Erasoan sumatuko dugu, batez ere, Kjellingen eta Vugrinecen lana, eta, defentsan, berriz, Dominikovicena.

3. Lehia biziko liga izanen dela uste dut, azken urteotan gertatu den bezala. Oreka handia izanen da taldeon artean, eta oso zaila izanen da goian egotea. Irabaztea gero eta zailagoa da denontzat, hori argi dago, taldeak gogoz indartzen direlako. Ondorioz, nik uste dut lehiaketa oso parekatua izanen dela aurten.

4. Gure helburua da lehian diren txapel guztiak irabaztea. Liga edo Europa, nik ez nuke bat bestearen aurretik jarriko. Dena irabazi nahi dugu, arreta berezia txapelketa batean edo bestean jarri gabe, hain zuzen ere. Argi dago iazko denboraldian gertatu zena kontuan hartuta arantzaren bat ateratzeko gogoa ere badugula aurten. Iaz lortu ez genuena lortzeko gogoa alegia. Inportanteena da taldea jokatzen hasteko irrikan dagoela, lanean jarraitzeko grina berritu duela, eta dena lortzeko prest dela. Gure lana ahalik eta ongien egiten saiatuko gara. Hori egiten badugu, gauza asko lortzeko aukera izanen dugu.

5. Arratek eta Bidasoak ez dituzte gure helburu berak. Bestelako xedeak dituzte Asobal Ligan, baina argi dago beraien taldeak bizkortzen ahalegindu direla, eta kontuan hartzeko aurkariak izanen direla Asobal Ligan. Europako postuei eutsi nahiko die Bidasoak, eta Arrate postu horietan egoteko borrokatuko da.



«Jokalari berriak osoongi moldatzen ari dira taldera eta taldearen lan egiteko modura»







«Ez dut helburuez hitz egin nahi. Poliki-poliki joan nahi dugu»



JULIAN RUIZ
BIDASOAKO ENTRENATZAILEA
1. «Bihar ikusiko dugu denboraldi-aurrean lan ona egin dugun edo ez. Txapelketak esango digu zein den gure tokia. Zaila da lehiaketan hasi aurretik behar bezalako prestaketa egin dugula esatea. Hala ere, gustura nago azken asteetan egindako lanarekin. Lan ona egin dugu, baina ni ez naiz konformatzen, beti uste dut hobetu daitekeela. Jokatu ditugun lagunartekoetako emaitzek ez dute ia baliorik, jokalariak egokitzea eta joko sistemak barneratzea da garrantzitsuena. Ereviken lesioa izan da orban bakarra. Ea aurki osatzen den, jokalari garrantzitsua baita».

2. «Taldea gogotsu dago, lehiaketa hasteko irrikan. Normala da, denboraldi-aurreko lana nahiko astuna baita. Jokalariei lehiatzea gustatzen zaie».

3. «Azken denboraldiekin alderatuz, ez dut aldaketa handirik ikusten. Hiru talde daude guztien gainetik (Bartzelona, Ciudad Real eta Portland), eta beste bi, haiek baino koska bat beherago (Ademar eta Valladolid). Bost talde horiek besteon gainetik daude. Bidean punturen bat gal dezakete, baina haiek pilatuko dituzte jokoan dauden puntu gehienak. Haien atzetik 11 talde gaude, maila parekoak guztiak. Ez dut ikusten sailkapenaren zuloan egon daitekeen talderik. Gainera, Asobal Ligara igo diren bi taldeek, Antequerak eta Logroñok, dirua dute, eta hori nabaritu egin da. Oso fitxaketa onak egin dituzte. Oso txapelketa gogorra izango da, ziur».

4. «Ez dut helburuez hitz egin nahi. Partidaz partida joan nahi dugu, pixkanaka-pixkanaka. Partidak aurrera joan ahala ikusiko dugu zer lortzeko moduan gauden. Bigarren itzuliko azken 10 partidek erabakiko dute dena. EHF Kopan, berriz, pasa den sasoian eginiko lana errepikatu nahiko genuke, baina hori ez dago gure esku. Alemaniako hiru talde dira txapela irabazteko faboritoak. Zenbat eta beranduago lehiatu haien aurka, orduan eta bide luzeagoa egingo dugu EHF Kopan».

5. «Portland titulu guztiak irabazteko borrokan egongo da berriro. Fitxaketa bikainak egin ditu. Kjellingekin eta Vugrinecekin, jauzia emango du erasoko jokoan, eta, Dominikovicekin, Europako defentsarik onena izango du. Arrate, berriz, gure ligako taldea da. Lesioekin arazo asko izan ditu denboraldi-aurrean, baina ez naiz fio. Ziur naiz biharko derbian arazo asko sortuko dizkigula».



«Ez dut ikusten zuloanegon daitekeen talderik. Oso txapelketa gogorra izango da, ziur»







«Hainbeste arazorekin zaila egiten dataxuzko ezer egitea»



VIKTOR DEBRE
ARRATEKO ENTRENATZAILEA
1. «Zorte gutxi izan dugu, lesioekin hamaika arazo izan baititugu. Entrenamendu gehienak hiruzpalau jokalari gabe egin behar izan ditugu, eta egoera horretan zaila egiten da taxuzko ezer egitea. Denboraldi-aurre gogorra izan da, arazoz betetakoa, baina ezin dugu ezer egin, aurre egin behar diogu, eta kito. Zorionez, Kobinerena da lesio larri bakarra. Espero dezagun partidak aurrera joan ahala, eta jokalari guztiekin lan egin ahala, taldeak gora egitea».

2. «Taldea ondo dago, gogotsu, eta apur bat urduri. Normala da, txapelketaren hasiera gerturatu ahala beti duzu zalantza hori, ea taldeak nola erantzungo duen. Ivo Diaz izan da jokalari berrien artean egokitzeko arazoak izan dituena, lesio batetik osatzen ari baita. Baina eskarmentu handiko jokalaria da, ez dut uste behin jokatzen hasita egokitzeko arazo asko izango dituenik. Liga ezagutzen du, baita hizkuntza ere, eta hori abantaila da. Beste bi fitxaketek ez dute inolako arazorik izan. Hegalean jokatuta, kontzeptu gutxiago barneratu behar dituzte.

3. «Gogorra, oso gogorra. Hala ere, horrek ez gaitu ustekabean harrapatzen. Pasa den Ligako sailkapena ikusi besterik ez dago talde gehienen artean dagoen parekotasuna ikusteko. Goiko postuetan hiru talde egongo dira (Bartzelona, Ciudad Real eta Portland) eta beste bi talde haien atzetik (Ademar eta Valladolid). Beste talde guztiok hirugarren multzoa osatzen dugula egongo gara, gogor borrokatzen. Argi dagoena da inoiz ezin dela fiatu, Cangasen kasua hortxe dago. Orain bi denboraldi EHF Koparako sailkatu zen, eta pasa den denboraldian maila galdu zuen. Abisua da, inor ezin da lo geratu».

4. «Mailari eustea, hori da gure helburua, zalantzarik gabe. Gero eta parekotasun handiagoa dago Ligan eta gero eta zailagoa da mailari eustea. Hori ezin dugu ahaztu. Lehen partidatik hasi behar dugu puntuak pilatzen, zalantza eta urduritasun guztiak alde batean uzteko. Pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu, ahal dugun pista guztietan puntuak urratuz. Puntu bakarra erabakigarria izan daiteke denboraldi amaieran».

5. «Portlandek talde ikusgarria du, titulu guztiak irabazteko modukoa. Bidasoak, berriz, hiru jokalari garrantzitsu galdu ditu (Aginagalde, Carton eta Stojanovic). Egiako torneoan irudi ona eman zuen, eta ziur naiz txapelketak aurrera egin ahala, gora egingo duela».



«Lehen partidatik hasi behar dugu puntuak pilatzen, zalantza guztiak alde batean uzteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.