Gaur Zaragozaren aurka jokatu beharreko partida baino garrantzitsuagoa izango da ostegunean Sevillan jokatu beharreko UEFAko final-aurrekoa, baina Osasunako jokalariek ezin dute Liga ahaztu. Zaleek arreta guztia UEFAn jartzea logikoa ere izan daiteke, baina jokalarien etorkizuna Ligan dago jokoan, eta amaierarako zazpi jardunaldiren faltan, jaisteko postuekiko sei puntuko aldea besterik ez dute Jose Angel Zigandaren mutilek. Azken Liga jardunaldietako erretolika bera dabil Osasunaren inguruan: «Lehenbailehen batu nahi ditugu 42 puntu, Ligan egoera lasaiagoan egon eta arreta guztia UEFAn jarri ahal izateko». Jokalari, entrenatzaile eta zuzendari guztiek errepikatu dituzte hitz hauek azken asteetan. Baina Osasunak irabazi ezinda jarraitzen du Ligan. Etxetik at, Tarragonan (2-3) eta Bilbon (0-3) irabazi dute, baina Nafarroako Erresuman ez dute partidarik irabazi bigarren itzulian. Dirudien baino garrantzitsuagoa da, beraz, gaur Zaragozari irabaztea.
Ostegunean indarrez hustu egin ziren, ordea, Osasunako jokalariak, Sevillaren aurkako kanporaketaren joaneko lehian. Eta beste behin, txandakatzeak egin beharko ditu Zigandak, freskotasunaren bila. Hargatik, jokalarien jarrera da gakoa. Datorren osteguneko lehian pentsatzen ari badira, Zaragozak ez du izerdi askorik bota beharko hiru puntuak lortu eta Txapeldunen Ligarako lehian aurrerapauso itzela emateko. Aldiz, gorritxoek osteguneko grinari eusten badiote, Zaragozak estutasun ugari izango du Iruñean. «Badakigu bi egunean lehiaketa batetik bestera txipa aldatzea zaila dela, baina sasoi osoan berdin gabiltza, eta hori egiteko gai izan behar dugu, jokoan hiru puntu garrantzitsu izango direla badakigu eta», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Osteguneko suari bizirik eutsi nahi dio Zigandak: «Ostegunean bezala jokatzen badugu, irabazteko aukera asko izango dugu, oso ondo jokatu baikenuen. Jarrera berari eutsiz gero, joko alai hari eutsiz gero eta ostegunean bezalako ausardiarekin arituz gero, errazagoa izango da irabaztea», jarraitu zuen gero.
Larraintzarko entrenatzaileak badaki bere mutilak UEFAn bezala motibatzea ez dela erraza izango, nolanahi ere: «Zaragozak aste osoa igandeko partidan pentsatzen egin du, eta guk, aldiz, ezin izan dugu partida behar bezala prestatu; ostegunaz gerotik, indarberritze lana soilik egin ahal izan dugu, esate baterako. UEFAko finalaurreko bat jokatzean taldearen inguruak ere asko laguntzen du jokalarien motibazioan. Kasu honetan ez dugu laguntza hori izango, baina gure esku dago behar bezala motibatzea eta egin beharra daukagu», adierazi zuen atzo Zigandak, goizeko entrenamenduaren ostean Taxoaren eskaini zuen prentsaurrekoan.
NEKUNAM, HASIERATIK. Hasierako hamaikakoan zortzi berritasun izango dira UEFAko azken lehiarekin alderatuz gero, eta, zalantzarik gabe, albiste nagusia da Javad Nekunam irandarra berriz hasieratik ariko dela. Hilabete egin du jokatu ezinda irandarrak. Leverkusenen jokatu bezperan egindako entrenamenduan hartu zuen min eskuin zangoko belaunean. Patxi Puñal ere min hartu berria zenez, kalte handia egin zion Nekunamen lesioak taldeari. Baina denboraldiko partidarik garrantzitsuenak jokatzeko garaiz osatu dira biak, eta aspaldiko partez, elkarrekin jokatuko dute gaur biek, hasieratik. «Lesioak gainditu eta gero, aukeran pixkanaka-pixkanaka sartu nahiko nituzke taldean, baina Ion Erizek egundoko partidak jokatu dituen arren, zelai erdi horretan jokalari beharrezkoak ditugu Puñal eta Nekunam, eta horrexegatik sartu nahi ditut lehenbailehen. Ez dakit irandarrak 90 minutu jokatzeko modurik izango duen, baina baietz uste dut, jokalari beteranoa baita, eta diesel samarra dela ere esan daiteke», onartu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Deialdiko beste berritasuna Ludovic Delporte da. Erdilari frantziarrak azaroan jokatu zuen azken aldiz, eta senda-agiria iragan astean jaso bazuen ere, Zigandak ez du sartu azken bi partidetarako deialdietan. Atzo bai, aukeratuen zerrendan sartu zuen. «Delportek minuturen batzuk jokatzea nahiko nuke, baina partida nola doan ikusi beharko da», esan zuen.
Liga ez da oraindik amaitu
Arreta guztia UEFA Kopan jarri du Osasunak aste honetan, baina jaisteko postuak sei puntura ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu