«Film hau lehendik ikusita nago». Hori pentsatu zuten atzo Orioko estropada ikusi zuten zaletu ugarik. Aurreko asteburuan estreinatutako film bera izan baitzen, eta Bilboko estropadan bezala, Thriller bateko gidoia jarraitu zuen atzokoan ere, emozioa azken unera luzatuz. Alabaina bukaera ez zen bera izan, utzitako zaporea desberdina izan zen, San Miguel liga irauli egin baitzen eta Castro dago orain sailkapen buruan.
Castrok garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo, Orioko 16. banderan. Bilbon erabilitako karta-sorta bera erabili zuten traineruek. Orduan bezala, ibaian jokatu zen estropada eta erlojupeko saioan. Castrok orduko karta berak izan zituen esku artean eta jokoa irabazi egin zuen, Oriok karta hobeak zituela ematen bazuen ere. Hirugarren txandan aritu ziren San Pedro, Urdaibai, Orio eta Castro. Orio bizi-bizi hasi zen eta markarik onenak ezartzen hasi zen. Hiru ziabogatan ibili zen gainerako traineru guztien aurretik, helmugan berriz, bigarren sailkatu zen Castroren atzetik. Kantabriarrek azken luze bortitza egin zuten eta aurre hartu zioten etxeko taldeari. Aurreko astean segundo bateko aldea egon zen bi traineruen artean, atzo tartea estuagoa izan zen, 19 ehunen.
San Pedrok ezarri zuen hirugarren denborarik onena. Lehen hiru luzeetan Urdaibairen pare aritu zen, baina Castrok bezala azken luze ona egin zuen, eta hor ireki zuen Urdaibairekiko tartea. Bermeoko traineruari dagokionez, hasieratik aritu zen deseroso. Lehen bi ziabogen buruan Castro eta San Pedroren erritmoari eutsi zion baina ondoren ezin izan zuen mantendu. Azkenean laugarren denborarik onena ezarri zuen San Pedrorengandik 4 segundora.
Hondarribia eta Zarautz estu
Bigarren txandako lau traineruak sailkatu ziren ondoren. Hondarribiak laugarren denborarik onena ezarri zuen, bere txandan irabazita. Txanda horretan ere emozio handia izan zen. Hondarribia eta Zarautz parean aritu baitziren une oro. Zarautz aurretik izan zen lehen bi ziabogatan baina hirugarrenean aurrea hartu zion Hondarribiak. Bukaeran, ere parean iritsi ziren, bi traineruen artean sei ehuneneko aldea izan baitzen.
Zumaia eta Pedreña sailkatu ziren Hondarribia eta Zarautzen atzetik. Lehen txandari dagokionez, Arkotek ezarri zuen markarik onena. Bizkaitarrek, Bilbon bezala, estropada ona burutu zuten eta denboraldi bukaeran sasoi ona dutela erakutsi zuten. Denborarik onena ezarri zutenetan bederatzigarrenak izan ziren. Pedreñarengandik gertu ibili ziren, eta azken luzean zazpi segundo galdu zituen kantabriarrekiko. Arkoteren markatik urrun gelditu ziren Tiran, Cabo da Cruz eta Laredo. Kantabriako taldea azken postuan sailkatu zen.
San Miguel ligako sailkapen orokorrari dagokionez, aldaketarik nabariena buruan eman zen, Urdaibairen tokia hartu baitzuen Castrok. Bien artean puntu bateko aldea dago, 167 puntu ditu Castrok eta 166 Urdaibaik. Bestalde, Hondarribiak Zumaiaren tokia hartu zuen eta zazpigarren postuan dago baina biak daude puntu kopuru berarekin, 92 puntu. Dena den, gaur bertan eman daitezke sailkapen horretan aldaketak, X. Flaviobriga bandera jokatzen baita Castron (Kantabria, Espainia), eguerdiko hamabietan hasita.
Liga kolore gorriz tindatu da
Castrok irabazi du Orioko bandera, etxeko taldeari azken luzean aurrea hartuta, aurreko astean Bilbon egin bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu