CAI Zaragozaren aurkako garaipen erosoak euforia apur bat sortu du Bruesako jokalari eta zaleen artean. Egia da mailari eusteko erronkan oso garaipen garrantzitsua izan zela pasa den astekoa, baina Bruesak 11 garaipen beharko ditu ziurrenik ACB ligan jarraitzeko. Sei partida geratzen zaizkio, eta horietatik bi irabaztea derrigorrezkoa izan daiteke. Etxean beti kanpoan baino samurragoa izan ohi da, eta Bruesak gaur du lehen aukera bi garaipen horietako lehena lortzeko. Fuenlabrada hartuko du etxean.
10. garaipenak liga bukaera lasaiagoa ekarriko lioke Bruesari. Manresak eta Estudiantesek etorri behar dute Donostiara, eta bietako bat irabazita etxeko lanak eginak edukiko lituzke Pablo Lasoren taldeak. Etxetik urrun dituen partidekin gehiegi ezin fidatu: Menorca, Bartzelona eta azkena, Unicaja. Emaitzei erreparatuz gero, Fuenlabrada ere talde gaiztoa da. Joanekoan sekulako muturrekoa eman zion Bruesari (108-75), eta horrelako jipoiak ez dira erraz ahazten. Jokalariek mendeku gosez daudela esan dute, eta hori lagungarria izan daiteke.
Fuenlabrada talde ona da. Jokalari on asko ditu, saskiratzaile peto-petoak, eta haien ekarpena murrizten ez badu, jai izango du Bruesak. Brad Oleson eta Saul Blanco dira erreferentziak. Olesonek behera egin du azken hilabetean, baina egun ona baldin badu, 30 puntu saskira ditzake erraz. Blanco ere hegaleko txiki bizia da. Lasok partidako giltza buruz burukoak ondo geratzea izango dela esan du, eta lan horretan funtsezkoa izan liteke Popovic, Uriz edo Andraderen lana, Bruesako hiru defendatzaile onenak baitira.
Lasok Fuenlabradaren jokoa miresten du: «Hiruko, biko eta puntu bateko jaurtiketetan onenetakoak dira, eta oso joko alaia, ikusgarria egiten dute erasoan. Puntu asko egiten dituzte normalean, eta guri ez zaigu hori komeni». Lasok Mainoldi eta Tshikisvili hegalekoen lana nabarmendu du, «4 postuan jokatuta ere hiruko jaurtitzaile finak direlako». Valters joko antolatzailea ere ligako onenetakoa izaten ari dela adierazi zuen Lasok. Bere jokalariei intentsitatearekin jarduteko deia egin zien: «Buruz buruko jokaldien erantzukizuna jokalari bakoitzarena da. Jokalari batek ezin du laguntzen zain egon, bere lana ondo egiten ez badu». Mezu argia dirudi Sergio Sanchez joko antolatzailearentzat. Saskipean ere dema polita ikusiko da. Fuenlabradak P.J. Ramos erraldoia eta Antonio Bueno ditu, eta Bruesak Doblas eta Marconato. Bikote horrek azken partidetan baino eraginkorragoa izan behar du.
BRUESA-FUENLABRADA
Txapelketa: ACB ligako29. jardunaldiko partida.
Bruesa: Uriz, Popovic, Sanchez, Urtasun, Andrade, Panko, Hopkins, Roe, Doblas eta Marconato.
Fuenlabrada: Valters, Ferran Lopez, Oleson, Radivojevic, Blanco, Tshikisvili, Mainoldi, Sandes, Bidaurreta, Bueno eta P.J. Ramos.
Sailkapena: Bruesa 12. postuan dago: 9-17. Fuenlabrada 9. postuan da: 12-14.
Lekua: Illunbe zezen-plazan (10.500 eserleku).
Ordua: 12:30ean (ETB1).
Liga lasaiago bukatzea du jokoan Bruesak
Fuenlabrada hartuko du gaur Donostiako taldeak, 10. garaipena lortzeko eta jaitsieratik gehiago urruntzeko asmoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu