Ez da giro Iurbentia Bilbo Basketen. Ez da harritzekoa, Bilboko taldeak ACB ligan jokatu dituen azken bost partidak galdu baititu. Hausnartzeko garaia da, eta gaur Casillan Buducnosten aurka jokatu beharreko Eurokopako partida ez luke horretarako oztopo izan behar. Bilbotarrek ezer gutxi dute jokoan gaur, aspaldi ziurtatu baitzituzten H multzoko lehen postua eta hurrengo kanporaketarako txartela. Egundoko ezustekorik ezean, gaur seigarren partida irabaziko dute, Buducnost koska bat beherago baitago. Sailkapena adierazgarria da oso: Iurbentiak partida guztiak irabazi ditu, eta Montenegroko taldeak bakarra, etxean, Hemofarmen aurka (70-59). Joaneko partidan bilbotarrek estu eta larri irabazi zuten (65-67), baina etxetik kanpo okerrago jokatu ohi du Buducnostek.
Iurbentiari, ordea, garaipenak ez dio balioko ACB ligako miseriak ahazteko. Txus Bidorretak, hala ere, atzo esan zuen «partida garrantzitsua» dela gaurkoa. «Egiten ari garen hutsak konpontzeko baliagarria izan daiteke. Etxeko lanak bete baditugu ere, etxean jokatuko dugu, eta erantzukizun hori badugu. Hutsak konpondu ditugu, eta gogorragoak izan, batez ere saskipean». Bidorretak minutu dezente emango dizkie gaur Frederic Weisi eta Luke Reckerri, pixkana-pixkana sasoia har dezaten. Taldeak haien beharra du.
IURBENTIA-BUDUCNOST
Txapelketa. Eurokopako lehen ligaxkako seigarren jardunaldia.
Iurbentia Bilbo Basket. Salgado, Blums, Vazquez, Recker, Seibutis, Lewis, Savovic, Banic, Guardia, Pasalic eta Weis.
KK Buducnost. Bojovic, Gordic, Mijatovic, Otasevic, Sehovic, Micov, Popovic, Dragidevic, Simonovic, Misanovic, Maras, Dasic, Ljulic, Sutulovic, Novakovic eta Djurisic.
Sailkapena. Iurbentia Bilbo Basket lehena da H multzoan: 5-0. Buducnost azkena da: 1-4.
Lekua. Casilla pabiloia (5.000 eserleku).
Ordua. 20:00etan (ETB1).
Ligako miseriak Eurokopan ahaztu nahi ditu Iurbentia Bilbo Basketek
Bilbotarrek Buducnost Montenegroko taldea hartuko dute gaur Casillan, lehen ligaxkako azken jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu