Zazpi partida jarraian irabazi ditu Levantek, futbol aditu guztien harrigarri. Estatistika beldurgarriak ditu Herrialde Katalanetako talde apalak sasoi honetan. Lehendabiziko bi partidak berdindu ondoren, Real Madril ahalguztiduna mendean hartu zuten hirugarren lehian, eta harrezkero jokatu dituen beste sei partidetan ere puntuak hirunaka batu ditu Juan Ignacio Martinezen taldeak, hurrenez hurren Rayo Vallecano, Espanyol, Betis, Malaga, Vila-real eta Reala mendean hartuta. Gezurra dirudi, baina ligako talde onena da besteak beste Del Horno eta Barkero euskal jokalariak eta Valdo eta Juanlu Osasunako jokalari ohiak batzen dituena. Bolada sinestezin hori amaitzen ahaleginduko da gaur arratsaldean Osasuna Nafarroako Erresuman. Oilarrari gandorra moztea da Jose Luis Mendilibarren mutilen asmoa.
Osasunako entrenatzaileak laudorioak bota zizkion atzo Martinezen taldeari: «Realaren aurkako partida aztertuz gero Levante hain ondo ez dagoela diotenei Vila-realen aurka jokatu zuten partida aztertzeko esango nieke. Real Madrilek eta Bartzelonak ez zuten hobeto jokatuko; partida perfektua jokatu zuten. Atzean huts gutxi egiten dute, eta ez da erraza Levanteri gola sartzeko aukerak izatea. Horrez gain, baloia berreskuratutakoan, aurrean jende azkarra dutenez, kontraerasoan min egiten dute. Ongi baino hobeto dakite zer egin behar duten zelaian, eta ez da erraza Levante mendean hartzea. Ligako talderik onena da oraintxe».
Zazpi partida jarraian irabazi ondoren estatistika aldetik Levantek porrota gertuago duela ere gogoratu zuen zaldibartarrak, eta aurkariak sasoiko lehen partida Iruñean galtzea amesten du. «Sailkapenaren gailurretik kendu nahi dugu Levante, baina horretarako, guk irabazteaz gain, Levanteren atzetik direnek irabazi egin beharko dute», abisatu zuen Mendilibarrek, dena dela, eta Real Madril eta Bartzelona Osasunaren aurkariaren atzetik daudela gogoratu.
Aldaketarik ez ziurrenik
Min hartuta dauden jokalariez gain —Lamah, esate baterako, oraindik ez da sendatu—, Anunziata eta Lekic deialditik at utzi zituen Mendilibarrek atzo, eta hasierako hamaikakoa erakutsi ez bazuen ere, ez dirudi azken bi partidetan —Zaragozaren aurkako garaipena eta Getaferen aurkako berdinketa— hasieratik jarritako hamaikakoarekin alderatuz gero aldaketa askorik izango denik. Izatekotan, atzealdeko ezker hegalean izango litzateke: Raitala eta Damiaren artean dago zalantza. Aurreko asteburuan Zaragozari irabazi ondoren, eta asteazkenean Getafen berdindu eta gero, puntuak batzen jarraitu nahi du Osasunak.
Ligako oilarrari gandorra moztu nahi dio Osasunak
Levante liderra mendean hartzen lehen taldea izan nahi du Osasunak gaur, Nafarroako Erresuman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu