Gescrap Bizkaiak Bartzelona eta Lagun Aro menderatu ditu, hurrenez hurren, baina bere puntu onenetik urrun dagoela erakusten du Donostiako bukaera estuak. Norgehiagoka erabakita zutela, gaina hartu zieten gipuzkoarrek, eta galtzear egon ziren. Etxekoen meritua, bai, baina baita beltzekoen opari sorta ere bai. Izan ere, 22 baloi eman zituzten, eta datu horiekin partidak irabaztea lan zaila da. Ez da askotan errepikatuko. Ez noski, Estudiantesen aurka, ligako talde sendoenetakoa baita hasiera honetan.
Jokatutako hiru partidak irabazi ditu, nagusitasun handiz. 57 puntuko aldeko average-a pilatu du hiru partidetan. Pasa den sasoian pasatako miseriak, lana serio egin duen entrenatzailea, eta ondo lotu diren piezak dira Madrilgoen arrakastaren giltza. Jayson Granger bikain dabil, English bezala, eta Kirksay beti dago toki egokian. Saskipean lan iluna egiten dute Barnes eta Gabrielek, eta Kyle Kuric estatubatuarrak errematea ematen du hiruko lerrotik. Guztien buru, Txus Bidorreta, etxera bueltan etxekoei entrenatzaile ona dela gogorarazi nahian.
Katsikarisek 40 minutuko partida eskatu du, gorabeherak alde batera uztea, Estudiantes garaitzeko. Liga hasi besterik ez da egin oraindik, baina bi taldeok parez pare ibil daitezke liga bukatzen denean.
GESCRAP BIZKAIA-ESTUDIANTES
Txapelketa. ACB ligako 4. jardunaldia.
Gescrap Bizkaia. Raul Lopez, Zisis, Pilepic, Roger Grimau, Vasileiadis, Moerman, Mumbru, Hervelle, Samb, Hamilton eta Rakovic.
Estudiantes. Jayson Granger, Jaime Fernandez, Josh Fisher, Carl English, Kuric, Kirksay, Gabriel, Clark, Barnes eta Nogueira.
Sailkapena. Gescrap Bizkaia 10. postuan dago: 2-1 (+2), eta Estudiantes 2.: 3-0 (+57).
Tokia. Bizkaia Arena (8.600 eserleku).
Ordua. 20:30.
Ligako talde sendoenetakoak erakutsiko du Bizkaia ondo edo gaizki dagoen
Estudiantes ligako lidergoan da, jokatutako hiru partidak irabazita; Txus Bidorreta etxera itzuliko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu