Bigarren itzulia hasi zenetik, Europako Errekopan baino ez da nagusitu Amaya Sport San Antonio. Joan den larunbatean lortu zuen, Izvidacen aurka, final-zortzirenetako joaneko partidan. Asobal ligan ere urteko lehen puntuak irabazi nahi ditu Iruñeko taldeak, eta gaur bertan saiatuko da horretan, Sagunten pistan (20:15). Nafarrak zazpigarren dira, eta irabazi egin nahi dute, sailkapeneko goiko aldeari eutsi ahal izateko.
Are gehiago, gaurko norgehiagoka irabaztea «lehentasuna» dela erran du San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxeak. Onartu du, hala ere, ez dela batere lan erraza izanen, bere pistan talde bereziki sendoa delako Sagunt. Sailkapeneko hamahirugarren postuan dago, baina Apezetxeak azpimarratu du alde handia dagoela talde horrek etxean eta bere pistatik kanpo erakusten duen jokoaren artean. «Pistarik zailenetakoa da. Giroa lagun, gora egiten du aurkariaren jokoak».
Nafarren entrenatzaileak, hala ere, konfiantza du bere jokalariengan. «Ongi ari dira, eta ziur naiz behar den ahalegina eginen dutela, eta laster aldeko emaitzak lortuko ditugula». Kezka agertu du entrenatzaileak, dena den. «Bi txapelketatan ari gara, eta, akaso, nekearen eta presioaren zama sumatzen ari gara».
Apezetxeak badaki lehen itzuliko erritmoa berreskuratzeko taldeak zer behar duen: batetik, kontzentrazioari eustea partida osoan; eta, bertzetik, defentsan lehen itzulian izan zuten indarra erakustea. Nafarrak lehen itzuliko maila erakusteko gai direla uste du entrenatzaileak.
Hori lortzeko, bere jokalari guztiak pistara ateratzeko prest ditu Apezetxeak, Santi Urdiales eta Victor Alvarez izan ezik. Urdiales min hartuta dago, eta ezin izanen du jokatu. Alvarez aritzeko moduan izanen ote den, berriz, ez dago argi. Izvidacen aurkako partidan kolpea hartu zuen izterrean. Taldekideekin bidaia egin du Valentziara (Herrialde Katalanak), baina azken unera arte ez du erabakiko Apezetxeak pistara atera edo ez.
Entrenatzaileak partida gogorra iragarri du gaurko. Orekatua, eta lehia bizikoa. Gako nagusia defentsa izanen dela gaineratu du, kontraerasoari etekina atera ahal izateko. Sagunt taldeko hegalekoen erasoei aurre egiteko beharra azpimarratu du, halaber.
Nafarrentzat hagitz garrantzitsua da gaur irabaztea, bigarren itzuliko hasiera txarrari amaiera eman ahal izateko. Jokoak edo sasoiak baino gehiago, konfiantzak egin die huts iruindarrei, eta konfiantza hori lehenbailehen berreskuratzeko beharra daukate. Europako Errekopan lortutako garaipena behar duten pizgarria izan daiteke.
Larunbatean, hain zuzen ere, Europako Errekopako final-zortzirenetako itzuliko partida jokatuko du San Antoniok, Bosnian. Etxean 36-29 nagusitu ziren nafarrak, eta larunbatean ere aurkaria mendean hartzen saiatuko da San Antonio, final-laurdenetarako sailkatzeko.
Arrate, Ademarren aurka
Arrateri ere pista zaila egokitu zaio. Ademar Leonen aurka ariko da gaur (20:30). Ez da batere samurra Eibarko taldearen egungo egoera. Hamalaugarrena da sailkapenean, zortzi punturekin. Hau da, jaisteko postuetatik puntu bakarrera dago Julian Ruizek zuzentzen duen taldea.
Sailkapeneko beheko aldea atzean uzteko, puntuak behar ditu Arratek. Ademarren aurka, hala ere, huts nabarmenak izanen dituzte gipuzkoarrek. Erasoan, hain zuzen ere, behera egin du taldearen gaitasunak Istvan Redei hegalekoak min hartu eta gero. Denboraldia amaitu baino lehen ez da osatuko. Bera izan da, orain arte, golegile nagusia. Ivan Sever ere ez da Ademarren aurka aritzeko moduan izanen. Gainontzeko jokalariek, beraz, ahalegin berezia egin beharko dute Ademar ezustean harrapatzeko. Leongoek jokatu dituzten azken bi partidak galdu dituzte Ligan eta Europan. Garaipen baten premia du, eta, horrek, akaso, aurkari are arriskutsuago bilakatuko du.
Ligan ere irabazi nahi du
San Antonio bigarren itzuliko lehen garaipena lortzen saiatuko da gaur, Errekopan nagusitu eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu