Dani Perez Fandiño. Tiraneko entrenatzailea

«Ligaren hasierak erdi lotan harrapatu gaitu»

Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gaztea da Dani Perez Fandiño (Vigo, Galizia, 1979), baina laugarren denboraldia beteko du Tiraneko entrenatzaile lanetan. Urtez urte hobetu du taldea, eta aurten ere horretan da. Baina galiziarra izanik, zuhurtzia da nagusi haren hitzetan. Uretan argituko dira orain erantzun jakinik ez duten galderak.

Zein dira Tiranen helburuak aurtengo denboraldian?

Ez dugu ametsetan ibili nahi, eta gauzak poliki egitea gustatzen zaigu. Bigarren txandan lasai ibili nahi dugu, eta gero ikusiko dugu zertarako gai garen. Besteen erreferentziarik ez daukagu, eta hori garrantzitsua da jakiteko zer egin dezakegun. Ez dakigu nola gauden besteen aldean.

Euskal Herrian entzuten denaren arabera, ohorezko txandan ibiltzeko hautagai sendoak zarete. Ados horrekin?

Zaila da asmatzea. Zaleen erreferentzia da azken hiruzpalau urteetan goraka goazela, eta horregatik sartuko gaituzte faboritoen artean, ziurrenik. Jendeak hori espero duelako da.

Iazkoa izan zen zuen denboraldi onena San Miguel ligan. Gehiago eman al dezake taldeak?

Ez dakit. Agian, iaz goia jo genuen, edo, akaso, gehiago eman dezakegu.

Goian ibiltzeak esan nahi du hasi eta buka osatu behar dela denboraldi ona. Liga osoa maila horretan ibiltzeko gai ikusten al duzu taldea?

Ez dut uste. Ekaina hil gogorra ari da izaten guretzat, joan zen igandera arte batere estropadarik jokatu gabe egon garelako. Iruditzen zait erdi lotan bezala iritsiko garela hasiera honetara. Mentalitatez ondo eusten badiogu hasiera honetan, gauza politak egin ditzakegula iruditzen zait.

Iazko taldetik lau arraunlari falta zaizkizu, eta haien ordez beste lau berri dituzu. Onerako ala txarrerako izan dira aldaketak?

Lucasen hutsunea [Lucas Rodriguez] handia da guretzat, baina ekarri ditugun lau arraunlariak falta diren horien zuloak betetzeko egokiak dira. Uste dut buruko min dezente izango ditudala hamahirukoa aukeratzean.

Urtez urte zoazte goraka, eta, lanaz gain, zein da Tiranen sekretua, baldin badu, behintzat?

Taldean daukagun giroa ezinbestekoa da, oso lagungarria emaitza onak lortzeko. Galiziatik Euskal Herrira joan-etorrian ibiltzea gogorra da, baina alderdi onetik ere badauka. Izan ere, egokia da kontzentratuta egoteko, momentu txarrak gainditzeko, eta larunbateko afarietan eta igandeko gosarietan aukera ematen dit azkeneko estropadari buruz hitz egiteko arraunlariekin. Taldea indartzeko ondo etortzen zaizkigu bidaiak.

Nolakoa izango da liga?

Kaiku eta Urdaibai daude besteen gainetik, eta Hondarribia ere urtez urte ari da hobetzen, gu bezala. San Pedro ere ondo dabil, eta Pedreñak ere urte ona egin dezake. Portugalete ere ezin daahaztu. Zaila da asmatzea, dena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.