Ligaren itzuleran, nork bere helburuak

Realak eta Athleticek Europako lehiari eusten segitu nahi dute; Alavesen nahia, berriz, salbazioa matematikoki lotzea da.

Alaveseko eta Realeko jokalariak, Mendizorrotzan, elkarrekin jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko eta Realeko jokalariak, Mendizorrotzan, elkarrekin jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Osasunak ez gainontzeko euskal taldeek gaur jokatuko dituzte beren ligako partidak. Joan zen asteburuan ligako norgehiagokarik jokatu ez zutenez, bakoitzak bereari eutsi nahiko dio lehiari berrekingo dioten egunean. Athletic egongo da fokupean, Espainiako Kopa irabazi ondotik, baina gainontzekoek ere ez dute beren aukera bazter usteko asmorik.

Alaves izango da lehendabizikoa jokatzen. Luis Garcia Plazaren taldeak Granada bisitatuko du (16:15, Gol), erabateko salbaziorako falta zaizkion puntuak lotu nahian. Haien atzetik ariko dira Athleticekoak, Vila-realen aurka (18:30, Movistar La Liga); eta Realekoak, Almeria kontrario dutela (21:00, Movistar La Liga). Azken bi talde horiek Europako postuak dituzte jokoan.

Granada-Alaves

Sailkapenaren erdialdean dago Alaves, eroso, eta koska bat gorago egin nahi du gaur Granada menderatuta. Izan ere, sailkapenaren azken postuei ihes egin ezinda ari da gaurko kontrarioa, eta azken bi partidetan galdutako puntuak berreskuratu nahi dituzte gasteiztarrek. Alavesek galdu egin du iragandako azken bi partidetan, eta ez gora, ez behera geratu da. Bide horretan, Garcia Plaza teknikariak nabarmendu du «dinamika aldatu beharra» duela talde arabarrak, eta jokalariak prest daudela horretarako: «Halere, badakite neurketa zaila izango dela».

Alavesek Granada izango du aurkari. Espainiako talde hori makal antzean ari da aurtengo sasoian, eta beheko postuei kateatuta iragan ditu jardunaldi gehienak. Hala eta guztiz ere, Garcia Plazak goratu egin du talde horren ahala: «Normala da txapelketa batean hiruzpalau punturen gorabehera izatea. Taldea xehe aztertuz gero, ordea, Uzuniren edo Boyeren moduko jokalariak dituztela ohartzen da bat. Lehen mailako makina bat taldek desio dute hura. Dinamika aldatzea ez da erraza», adierazi du Garcia Plazak.

Athletic-Vila-real

Oso bestelako aldartean jokatuko dute Athletic-Vila-real norgehiagoka. Talde zuri-gorriak bestondo itzelarekin ekingo dio partidari. Ez alferrik, gabarra atera baitute berrogei urteren ostean, eta lorpen horren bizipenak ez dira berehala ahaztekoak. Dena den, Ernesto Valverderen multzoak Europara itzultzeko beharra du sasoi honetan. Zer esanik ez gaur arteko jardunaldirik gehienak postu horietan igaro dituzten honetan. Hori du xedea, eta horren nahian igaroko ditu azken jardunaldiak.

Halere, aspaldiko partez halako jaialdi bat egin izanaren ondorioak neurtzeko daude San Mamesen. Vila-real ez da nahi bezalako sasoia osatzen ari, eta sailkapenaren erdialdetik behera osatu ditu jardunaldi gehienak. Athleticek erakutsi du gai dela edozein talde menderatzeko, eta horretan saiatuko da azken partidetan ere. Espainiako Kopan jazotakoa gorabehera, bere kabuz sailkatu nahi du Europarako urte batzuen ostean. Eskura dauka hori, eta kalte handia litzateke hori orain galtzea. 

Zuri-gorriek nola-halako astea osatu dute entrenamenduei dagokienez. Kopako garaikurra lortu izanak eta ondoren egin dituzten ospakizunek bigarren mailan utzi dute liga, baina hari heltzeko garaia ailegatu zaie txapelketan onenen artean sailkatzea lortzeko.

Reala-Almeria

Igandez ariko diren euskal taldeen artean, Reala izango da jokatzen azkenengoa. Txuri-urdinek atseden orduak bilduta berrekingo diote lehiaketari. Badute horretarako arrazoi ugari; azken asteetan asko arindu zaie lehiakortasunaren zama, eta, horrez gain, helburu bat dute ondo markatua. Talde txuri-urdinak Europako txapelketa bat jokatu nahi du bosgarren urtez jarraian. Lortuz gero, halakorik egiten duen lehendabiziko aldia izango da.

Horren inguruan mintzatu zen Imanol Alguacil entrenatzailea, ostiralean prentsaren aurrean egin zuen agerraldian: «Entrenatzaile batentzat, garrantzitsuena da asmo bati denboran segida ematea. Kontua ez da urte batez ondo lan egitea, Europan sartzea, kopa irabaztea, eta kito. Europan aritu gara azken lau urteetan, eta, gainera, aurten Txapeldunen Ligan eta kopan lehiatu garen moduan lehiatuta. Niretzat, onena litzateke klub honetan historia egitea, eta, horretarako, bosgarrenez sailkatu beharra daukagu», adierazi zuen oriotarrak. 

Lehen begiratuan, Realak ez du horretarako kontrario makurra, Almeria ezinean aritu baita sasoi osoan. Jokatu dituen 30 partidetatik bakarra irabazi du, orain bi jardunaldi jokatutakoa, hain justu ere. Horren inguruan ere mintzatu zen Imanol, txuri-urdinen entrenatzailea: «Pepe Mel entrenatzaile denetik bi partida jokatu dituzte; bat irabazi egin zuten, eta bestea galdu, baina hartan ere aukera dezente izan zituzten. Oso azkar joan ziren gain behera, baina orduan ere aukerak izan zituzten, baita bigarrena sartu ziotenean ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.