Ligari neurria hartu nahi dio Baskoniak, Top16a hasi arte

Nahiko partida erosoa dute arabarrek, itxuraz: Manresa hartuko dute, eta garaipen bolada bati ekiten saiatu (20:30)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Berriro ekin behar zaio. Baskoniak albo batera utzi du Euroliga hiruzpalau asterako, eta neurria hartu nahi dio berriro ligari, neurria galduta ibili baita. Abendua txarretan txarrena izan da Baskoniarentzat, jokatutako hiru partidak galdu dituelako errenkadan, eta hori asko galtzea da Ivanovicen taldearentzat. Cajasolek Sevillan eman zion astindu latzarekin hasi zen gainbehera (91-71). Bilbon jarraitu, Bizkaia Basketen garaipen justuarekin (99-95), eta Buesa Arenan bukatu Real Madrilen aurka, min egiten duen porrot batekin: 67-72. Baskoniak ligako hirugarren jarraitzen du, eta aurretik dituen bi oilarren arteko norgehiagoka baliatu nahi du, bigarren edo lehen postua gertuago izan eta garaipen boladari ekiteko.

Baskoniak Top16a hasi baino lehen dituen bost partidak irabazi nahi ditu, Euroligako bigarren fasea bete-betean hasteko. Hasiera erosoa du, itxuraz, Manresa hartuko baitu Buesa Arenan. Ehun partidatik 99 irabaziko lizkioke Baskoniak, baina batek daki zein aurpegi erakusten duten Gabonen ostean batzuek eta besteek. Ivanovicek loreak bota zizkien jokalariei taldeak Partizan menderatu ostean, eta pozik amaitu du urtea. Pentsatzekoa da jokalariek ere lasaitua hartuko zutela Gabonetan, euren multzoko bigarren postua lortuta, eta ligako bigarren herena indarrean hasi nahiko dutela. Kerejeta presidenteak ere aitortu du ligako bolada txarrak zerikusi zuzena duela taldeak Euroligako ligatxoan egin behar izan duen ahalegin handiarekin.

Oleson eta Pape Sow aritu dira ondoen abenduan, Stanko Baracekin batera, eta senegaldarraren lan onak ondorio zuzena izan du. Dejan Musli lekurik gabe geratu da. Taldeak serbiarra utzita bidali nahi du ACB ligako talderen batera, baina asmo horrek ez du konponbide errazik, Muslik ez duelako bere gaitasuna erakutsi. Minutu apur batzuetan baino ez du jokatu, eta taldeko kirol teknikariek hiru hilabete luze eman dituzte aspaldi asko eskatzen ari ziren erabaki bat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.