PILOTA

Ligaxka, erdibana

Aspek eta Asegarcek bina pilotari sartu dituzte lau t'erdiko txapelketako finalerdietan; ligaxkako lehen partidak zehazteke daude

Imanol Magro Eizmendi.
2005eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketa azken txanpan sartzear dago. Lehen hiru faseak jokatu dira, eta bi asteburu barru hasiko da finalerdietako ligaxka. Hogei pilotarik ekin zioten txapelketari, eta laukbaino ez dute jarraitzen. Hasiera batean Asegarceren koadroa txapelketan agintzen hasi zen arren, azken unean enpresek indarrak parekatu dituzte. Aspek eta Asegarcek bina pilotari sartu dituzte, eta orekak bere horretan darrai. Oreka, baina, pilotari kopuruan ikus daiteke bakarrik, sentsazioak oso ezberdinak direlako. Olaizolak eta Ruizek oso sasoiko daudela erakutsi dute. Titinen eta Xalaren jardunek, berriz, zalantzak sortu dituzte. Ustez, Asegarcekoak indartsuago ekingo diote ligaxkari. Ezin da deus ere ziurtatu, ordea, behin final-laurdenak igarota Titinek eta Xalak lasaiago jokatuko baitute.

Lau t'erdiko txapelketako lehen hamazazpi partidek gauza gutxi argitu dituzte, behin final-laurdenetara iritsita lau zerrenda burutik hiruk lortu dutelako ligaxkarako sailkatzea. Kale egin duen zerrenda buru bakarra Ruben Beloki izan da. Kontuan hartzekoa da, gainera, Burlatakoak Barriolaren eta Nagoreren hutsuneei esker lortu izana final-laurdenetan hasteko eskubidea. Beraz, hamazazpi partida igarota, berritasun eta ezuste gutxi.

Finalerdietako ligaxka bi aste barru hasiko da, eta enpresek oraindik ez dute zehaztu lehen jardunaldiko partidak zeintzuk izango diren, ezta partidak non jokatuko diren ere. Ligaxkaren ateetan, lau pilotariak fisikoki ondo daudela erakutsi dute, eta partida lehiatuak aurreikusten dira. Olaizola da multzoko oreka hausteko gai den bakarra. Are gehiago, iragan larunbatean Kokaren aurka erakutsiriko sasoia ikusita ezuste handia litzateke goizuetarra finaletik at gelditzea. Ruiz lehen hiru kanporaketetako ezuste gozoena izan da. Lizarrakoak inork uste baino maila hobean aritu da, eta huts kopurua jaisten badu lanak emango dizkie ligaxkako beste partaideei. Titinek eta Xalak, berriz, partida bakarra jokatu dute eta ez zuten deus handirik erakutsi. Presioaren zamaren erruz urduriegi jokatu zuten, eta finalerdietan lasaiago aritu beharko dute.

Asegarceren lau t'erdiko txapelketa ere finalerdietan

Aurten Asegarcek enpresa barneko bigarren mailako lau t'erdiko txapelketa antolatu du. Lehen Mailakoa bezala, Bigarren Mailakoa ere ligaxkaren ateetan dago. Retegi Bi eta Arretxe hasieratik zeuden finalerdietarako sailkatuta, Eguskizak eta Beloki II.ak, berriz, kanporaketa bana irabazi behar izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.