FABORITORIK?
Berasaluze II.a-Zubieta
Zein bikote da faboritoa? Zergatik? Matematikak, behintzat, Berasaluze II.a eta Zubietari ematen die aukera gehien. Kalkulua erraza da. Zailkaturiko lau bikoteen arteko lehen ligaxkako partidak hartu, eta sailkapen txiki bat osatu gero, Berasaluze-Zubieta lirateke lider bost garaipenekin eta galduriko partida batekin.Bigarren Ezkurdia-Zabaleta lirateke, hiru punturekin. Partida bana galdu eta irabazi dute beste hiru bikoteekin. Hirugarren, Bengoetxea-Untoria (-19), tanto aldearengatik. Haiek eta Artola-Albisuk (-22) bina puntu lortuko lituzkete. Emaitzak estrapolatzea, dena den, ez da erabat zuzena, hainbat ordezkapen egon zirelako. Kasu argigarriena Untoriarena da, seietatik hiru bakarrik jokatu zituelako. Aurrerantzean, halere, berak jarraituko du, Aretxabaletak uko egin diolako postuari.
PROTOTIPOA: ALBISU
26 urte, eta final bat
Ligaxkako pilotariaren irudi-robota hau da: 1,85 metro luze, 85 kilo, ia 27 urte, sei urte pasa profesionaletan, lehen mailako final bat jokaturikoa eta hura galdutakoa. Analisi matematikoa da, kideen datu pertsonal eta ibilbideak batu, eta batez bestekoa aterata. Perfil horretara gehien gerturatzen dena Jon Ander Albisu da.Zahar eta beteranoena Berasaluze da, 37 urte eta 17 urteko ibilbidearekin. Gazteena, berriz, Artola, 20 urte, eta urtebete baino gutxiagoko eskarmentuarekin. Finalei dagokienez, guztien artean lehen mailako zortzi jokatu dituzte eta hiru bakarrik irabazi. Bengoetxeak hiru final jokatu ditu —buruz buruko, binakako eta lau t'erdiko bana—, eta Berasaluzek, bi.