Nerea Pena. Itxakoko jokalaria

«Ligaxkaren erdia izanen da jokoan»

Itxakok Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkari ekinen dio bihar Eslovenian. Nerea Penak partidaren garrantzia azpimarratu du.

edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nerea Penak (Iruñea, 1989) ez zuen jokatu atzo Ro'Casaren aurka, baina bihar Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehen jardunaldian aritzeko prest izanen da. Taldea «indartsu» dagoela nabarmendu du, eta Europan «dena» emateko prest.

Belauna minduta izan duzu. Zer moduz zaude orain?

Ongi, jokatzeko moduan. Bihar [gaur] eginen dut bat taldearekin. Zuzendaritzako taldeekin eginen dut Esloveniara bidaia.

Taldekideak baino atseden gehiago hartuta ekinen diozu Txapeldunen Ligari.

Bai, baina hainbat egun egin dut jokatu gabe, eta akaso horrek kalte pixka bat eginen dit, erritmoa hartzea akaso pixka bat gehiago kostako zait. Hala ere, ongi nago.

ABF ligako bigarren itzulia indar handiz hasi duzue[elkarrizketa atzoko partidaren aurretik eginikoa da]; markagailuan utzi duzue argi zuen nagusitasuna behin baino gehiagotan. Indartsu zaudetela sentitzen duzue?

Bai, bai. Partida onak egiten ari gara, serioak. Gure lanaren garrantziaz jabetzen gara, eta partidei indar handiz egiten diegu aurre. Orain Txapeldunen Ligaren txanda da, eta badakigu dena emateko ordua ailegatu dela. Ezin dugu hutsik egin. Orain funtsezkoena da taldea zaintzea, eta aurrean dugun aurkaria zein den kontuan hartu gabe, beti gure mailarik onena ematen saiatzea.

Helburuak eta egin beharreko lana zein den hagitz argi duzuela ematen du. Hala da?

Bai. Ligari dagokionez, badakigu mailak behera egin duela, hainbat aurkari ez dela aurreko sasoian bezain sendo. Txapeldunen Ligan kontrakoa gertatzen da. Inoizko aurkaririk indartsuenak izanen ditugu aurrean. Ondorioz, dena emateko prest izan behar dugu, eta helburua argi izan, Txapeldunen Ligan ahalik eta hobekien aritzeko.

Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan lehendabiziko aldiz ariko zarete. Hori jada sari nahikoa da?

Bigarren ligaxkarako sailkatu izana urrats garrantzitsua izan da, inoiz baino aurrerago egin baitugu Txapeldunen Ligan. Eta hori ez dugu ahaztu behar. Hemen egotea lorpen handia da sasoi honetan jada. Hala ere, argi dago guk bertze urrats bat egin nahi dugula eta horretan saiatuko garela. Helburua hori da.

Helburu hori lortzeko aukerak badituzuela uste duzue?

Bigarren ligaxkan egonda, argi dago lehen baino eskurago ikusten dugula finalerdietarako sailkatzeko aukera. Badakigu hagitz zaila izanen dela, hala ere, txapela lortzeko hautagai diren bi talde gure multzoan baitira, Oltchim eta Buducnost alegia. Krim, ustez, mendean hartzen errazagoa izan daiteke. Txapeldunen Ligan, dena den, deus ez da erraza. Ezta ezinezkoa ere.

Europako zortzi onenen multzoan zaudete orain. Lehen ligaxkarekiko aldea sumatuko da.

Hala da. Koska bat gora egin dugu, eta sumatzen da. Europako zortzi onenen talde horretan badira helburu bakartzat Txapeldunen Liga duten taldeak. Ez du lehen fasearekin zer ikustekorik.Zer erranen zenuke zuen multzoko aurkariei buruz?

Hiruren artean ustez mendean hartzeko errazena Krim izan daitekeela kontuan hartuta, lehen partida hau hil edo bizikoa da. Ligaxkaren erdia jokoan izanen da partida horretan. Oltchimek eta Buducnostek kalitate handiko taldeak dituzte, eta haiei aurre egiteko, ezinbertzekoa da lehen partida hau irabaztea.

Zer-nolako partida espero duzu Eslovenian?

Bi taldeontzat ligaxkaren erdia izanen da jokoan, beraz, irabazi beharreko partida izanen da biontzat. Hori sumatuko da pistan, argi dago. Partida hagitz gogorra izanen da.

Denboraldi bikaina egin duzue orain arte. Hau zuen sasoirik onena izan daitekeela uste duzue? Sentsazio hori duzue?

Aurreko denboraldian lortutako txapelei eutsiko bagenie, kontuan hartuta Txapeldunen Ligan jada inoizko emaitzarik onenak lortu ditugula, gure sasoi onena izan daiteke hau, bai. Urtetik urtera gora egin dugu, eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Oraindik, hala ere, ez dugu deus, denboraldia amaitzeko denbora anitz falta baita. Bide onean gaude, eta Europako zortzi onenen artean sailkatu izana, jada, lorpen handia da guretzat. Kontent egoteko arrazoiak baditugu. Baina orain lanean jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.