«Liluratuta geratu nintzen Kontxako Banderaren inguruko giroarekin»

Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Realak betetzen du Montanierren egunerokoa. Hala ere, Donostian dagoenetik izan du tarterik hiria ezagutzeko, baita euskal gizartearen berri izateko ere. Horretaz guztiaz eta bere kirol ibilbideaz ere mintzatu da.

Futbol grina betidanik izan al duzu?

Bai. Nire aurretik aita eta anaia zaharragoa aritu ziren atezain postuan. Baloia besapean nuela atera eta sartzen nintzen eskolara, anaiari segika. Ondoren, ikasketak eta kirola uztartu nituen. Heziketa Fisikoko lizentziaduna naiz.

Noiz jakin zenuen entrenatzaile izateko gaitasuna zenuela?

15 urte nituela hasi nintzen gaztetxoei irakasten. Betidanik erakarri nauen kontu bat da.

Beraz, entrenatzaile eta irakaslea zara?

Hezitzailea nahiago.

Donostiaz gain, inguruak ezagutzeko astirik izan al duzu?

Ez askorik. Azken bi igandeetan Kontxako estropadak ikusi ditut bertatik bertara.

Eta zer iruditu?

Aquarium inguruan izan ginen, eta giroarekin liluratuta geratu ginen. Sekulakoa iruditu zitzaidan. Arrauna, kirol gisa, berriz oso gogorra iruditzen zait.

Apusturik egin al zenuen?

Ez, ez. Pentsa, duela urte asko Las Vegasen izan nintzen bost egunez, eta jokoan bost dolar baino ez nituen gastatu

Bizikletan mugitzen al zara hirian?

Ez, aldapak igotzea ez dut gogoko. Autobusez mugitzen naiz.

Ba al dakizu Raynald Denoueix non bizi zen?

Hernanin? [Kopeta iluna jarri du, erantzuna garbi ez duelako, eta Iñigo Cortes Easoko entrenatzaile eta bere itzultzaileari begiratu dio. Urnietan, zuzendu dio hark]. Egia, Urnietan. Ni Zubietatik hamar minutura bizi naiz, hemendik ahalik eta gertuen egoteko.

Euskarak erakartzen omen zaitu.

Mundu uniforme batean bizi gara, eta niri kontrakoa gustatzen zait. Korsika ezagutzen dut, eta euren kulturari eta tradizioei dieten atxikimenduak arreta pizten dit. Bitxikeria bat kontatuko dizut. Michel eta biok gaztelaniazko eskolak ari gara hartzen egunero. Bada, lehen entrenamendu egunean, hor joan ginen zelaira tente-tente, pentsatuz bi hitz egin eta ulertzeko gai izango ginela, eta hara non entzun genituen jokalariak euren artean berriketan. Elkarri begiratu genion ergel aurpegia jarriz! Ez diagu-eta tutik ulertzen! Hainbeste ordu liburuei begira orain horrela egoteko! Kezkatuta begiratu genion Iñigori, «zer irakatsi diguk!» esanaz bezala. «Lasai», erantzun zigun hark, «euskaraz ari dituk eta! Ez zagok arazorik». Iñigok itzultzen digu dena.

Futbola ez den beste kirolik?

Errugbia eta tenisa.

Espainiako Liga gero eta kaskarragoa al da?

Alde handia dago Bartzelona eta Real Madrilen eta gainontzeko taldeen artean. Beste era batera uler liteke. Liga ez litzateke eskasagoa izango bi horiek gabe? Frantziako liga lehiatuagoa da goiko postuetan, baina ez dago hemengo mailarik. Horrek ospea ematen dio hemengo txapelketari.

Jokalari garaian zer gertatu zitzaizun Marseillako Olympiquerekin?

90eko hamarkada hasieran jokalariekin hartu-emanak izan zituen garaipenak hitzartzeko, neurketak erosteko. Niri ere deitu zidaten. Handik gutxira trikimailu horiek salatzera irten ginen taldean nengoen. Ezin dut ulertu futbolariak, patrikak estu ez dituen batek, nola saldu ote dezakeen bere burua era horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.