«Oso pozik nago. Bartzelonako taldetik joatea gogorra izan da. Izan ere, urte asko igaro ditut han, eta taldez aldatzea zaila izan da. Halere, Parisera iritsi orduko, zoriontasuna erabatekoa izan da. Entrenatzen hasi nahi dut, taldekideekin eta talde teknikoarekin lanean hasteko. Tituluak irabazten jarraitu nahi dut; horregatik etorri naiz hona». Horiek izan dira jokalari argentinarraren lehenengo hitzak, prentsaurrekoaren aurkezpenean. Burrunbaren ostean, iritsi da lasaitasuna: Messik bi urterako sinatu du kontratua Parisko taldearekin, eta luzatzeko aukera izango du.
Bartzelonako jokalari ohiak Nasser Al-Khelaifi Paris Saint-Germaineko presidentearekin batera egin du agerraldia. Lehenik, klubeko ugazabak hitz egin du, eta Messi laudatu du: «Pozik, eta harro nago Messi aurkezteaz. Egun historikoa da klubarentzat, baita futbolarentzat ere. Sei Urrezko Baloi eskuratu dituen jokalari bakarra da Leo [Messi]. Klubarengatik eta zaleengatik egindako esfortzua eskertu nahi dizuet zuri [Messiri erreferentzia eginez] eta zure familiari. Eskerrik asko». Argentinarra ere eskertuta dago klubak emandako tratuarekin: «Bartzelonatik joango nintzela jakin zenean, eskertuta nago klubak geroztik emandako tratuarekin». Paris Saint-Germainek emandako babesagatik ez ezik, zaleengandik jasotakoagatik ere «oso pozik» dago aurrelaria.
Bartzelonako jarraitzaileen inguruan galdetuta, argentinarrak argi du eskertuta egongo dela betirako haiekin: «Bartzelona da nire etxea, eta txikitatik egon naiz han. Polita izango da Camp Nouera itzultzea jokatzera, baina, aldi berean, arraroa izango da beste kamiseta batekin han aritzea».
Messik argi du zertarako etorri den Parisko taldera: Txapeldunen Liga irabazteko. Horretarako, inoiz baino talde sendoagoa osatu du Paris Saint-Germainek: besteak beste, Sergio Ramos, Neymar, Mbappe. Verrati, eta Messi dira taldekide. Hori argentinarrak badaki, eta gaineratu du «leku aproposean» dagoela Txapeldunen Liga eskuratzeko.
Klubeko presidenteari espero zuen galdera egin diote: «Klubak betetzen al ditu kirol lege finantzarioaren arauak?». Horren harira, Al-Khelaifik zalantzak argitu ditu: «Kirol lege finantzarioak dituen arauak jarraitzen eta betetzen ditugu, eta hori ez bagenu jarraituko, Messi ez litzateke hemen egongo».