Livestrong fundazioko presidente kargua utzi du Armstrongek

Minbiziari aurre egiteko borrokan laguntzeko sortutako egitasmoari «kalterik ez egiteko» hartu du erabakia

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Minbiziari aurre egiteko dirua biltzeko eta atxikimenduak lortzeko sortu zuen Lance Armstrongek Livestrong fundazioa, orain hamabost urte pasatxo. Baina dopinaren zipriztinak horraino ere iritsi dira. AEBetako dopinaren aurkako agentziaren (USADA) salaketaren ondoren, txirrindulariak ohar bidez jakinarazi zuen atzo bertan behera utzi duela Livestrongeko presidente kargua, bere kirol ibilbidearen inguruko zalantzek sor ditzaketen kalteek eraginik ez izateko. «1996an, minbiziaren aurkako tratamendua amaitzear nengoela, fundazioa sortzea erabaki nuen, minbizia zeukaten gaixoei laguntzeko. Ohorea izan da 2,5 milioi pertsonari laguntzea, eta munduak minbizia jasan dutenekiko daukan pentsamendua aldatzen laguntzea». Jeff Garvey presidenteordeak hartuko du orain presidente kargua.

Hamabost urteotan fundazioaren alde lan egin duten guztiei eskerrak emateaz gain, azken bost urteotan presidente karguan aritzea «ohore handia» izan dela azpimarratu zuen Armstrongek. «Fundazioaren misioa eta arrakasta dira nire lehentasunak». Garveyrengan «konfiantza osoa» daukala azaldu zuen estatubatuarrak. «Bere jakintza eta lana ezinbestekoak izan dira fundazioaren lana gorpuzteko». Aurrerantzean ere lanean gogor jarraituko dutela jakinarazi zuen.

Nike markaren erabakia

Lance Armstrongek Livestrong fundazioaren presidente kargua utzi duela jakinarazi eta minutu gutxira iritsi zen Nike etxearen oharra. «Itxuraz, Armstrongek dopin sare batean parte hartu zuela argitzen duten froga ezin ziurragoak daudenez, eta, beraz, hamar urte baino gehiagoan Nike-ri iruzur egin zionez, tristura handiz bertan behera geratu da gure arteko akordioa». Nike-k argi utzi du norberaren errendimendua hobetzeko ez duela gomendatzen «legez ka0npoko drogak hartzea». Hori bai, aurrerantzean ere Livestrong fundazioarekin elkarlanean jarraituko du Nike-k. «Fundazioaren ekimenak batu, indartu eta laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.