Lizaso, beste hiruren aurka

Asteasukoa da faborito nagusia bihar Pikoketan jokatuko den Euskadiko Sega Txapelketako finalerako

Juanjoxe Lizaso, ahalegin betean, 2009ko finalean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Euskadiko Sega Txapelketako finala jokatuko da bihar, Oiartzungo Pikoketako belardian (12:00). Aiako Harriaren magalean lau segalari ariko dira: Juanjoxe Lizaso, Mikel Alkorta, Arkaitz Arteaga eta Jon Kanflanka. Lizaso asteasuarra da faborito garbia, berak irabazi baitu Gipuzkoako txapela, eta berea izan zen finalerdiko markarik onena. Berak ez irabaztea ustekabeko handia litzateke.

Ordubeteko lana egin beharko dute, eta mozturiko zein bilduriko kiloez gain, epaileek txukuntasuna ere kontuan hartuko dute. Segalari zein laguntzaileak gaur bilduko dira Pikoketan, sailak zozketatzeko eta prestatzeko. Finalean ariko diren lau segalariek iragan astean Aizarnan jokaturiko finalerdian lortu zuten finalerako txartela. Iazko finalarekin alderatuta, hutsune garrantzitsu bat dago, Jexuxmari Ormaetxea Urki txapelduna ez baita ariko.

Ariko direnen artean Juanjoxe Lizaso nabarmendu behar da. Gaurkoa bere bigarren finala du, eta aurrekoa, 2009koa, 27 kilo eskasengatik irabazi zion Andoni Goikoetxeari. 50 urteko asteasuarra da faborito nagusia, iragan astean berak lortu zuen markarik onena: 1.174,5 kilo,eta aurten Gipuzkoako bi txapelak irabazi ditu: nagusitasun handiz ohiko erakoa, 3.459 kilo moztuta;eta azkartasun probakoa. Bihar Iñaki semea izango du laguntzen.

Lizasoren aurkari nagusia Alkorta izango da, 40 urteko donostiarra –Asteasun bizi da, baina–. Iragan astean berak egin zuen bigarren, 1.119,5 kilorekin, eta Gipuzkoako bi txapelketetan bigarren gelditu da aurten. Ohiko erako finalean Lizasok246 kiloko aldea atera zion Pikoketan. Gaurkoa Alkortaren bigarren finala izango da, aurrekoan, 2009an, laugarren izan zen. Ordukoan Lizasok 315 kiloren aldea atera zion. Alkortak bere osaba Txomin izango du alboan.

Arkaitz Arteaga da, Lizasorekin batera, txapela aurretik jantzitako finalista bakarra. 2008an irabazi zuen, Leitzan. Arteagak hirugarren egin zuen finalerdian: 1.106 kilo, eta aurten laugarren izan da Gipuzkoakoan. Ordukoan erritmorik hartu ahal izan gabe aritu zen, eta Lizasok 503 kiloren aldea atera zion. 26 urte bakarrik izan arren, gaurkoa hirugarren finala du.

Jon Kanflankak du eskarmentu gehien finaletan, gaurkoa laugarrena baitu, baina, hala ere, ez du inoiz jantzi txapela. Finalerdian berak lortu zuen laugarren marka, 1079,5 belar kilo moztuta. 30 urteko leitzarrak azken hiru urteko finalak jokatu ditu, eta urtez urte lanak, eta emaitzak, hobetu ditu. 2008an laugarren izan zen, 2009an hirugarren, eta iaz, txapeldunorde. Iaz ere txapeldunorde izan zen Nafarroako Txapelketan—aurten ez da jokatu—. Segalari indartsua da, eta kortean apurka hobetzen ari da. Bihar Josejavier Ariztimuñok eta Joxe Gabirondok lagunduko diote.

Iruñean, trontzarekin

Egunotan, San Fermin jaietan, Nafarroako txapelketak jokatzen ari dira Iruñeko Foruen Plazan (12:00), eta gaur lau bikote ariko dira trontza txapelketan. Bihar, berriz, ordu berean, binakako aizkora finala jokatuko da, hiru bikoterekin: Nazabal-Rekondo, Lopez-Senosiain eta Larretxea aita- semeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.