Josu Urrutia Athleticeko presidenteak ziurtatu du Fernando Llorente aurrelariak denboraldia bukatu arte taldean segituko duela, ez dutela beste talderen batera traspasatuko. "Erabakia hartuta dago. Hura taldean egonda, Athletic lehiakorragoa da", esan du Urrutiak, Bilbon emandako prentsaurreko batean.
Llorentek duela aste batzuk iragarri zuen Athletic utziko duela sasoi honen bukaeran. Baina orain gabonetako fitxaketa aldia irekiko denez, beste talderen batek fitxatzeko aukera dago. Urrutiak baztertu egin du.
San Mameseko hainbat jarraitzailek azken asteetan jokalariari txistu jo izan diotela-eta presidenteak esan du "normala" iruditzen zaiola zaleak "minduta" egotea Llorenteren erabakiarekin. Hala ere, uste du "San Mamesen erantzuna nahikoa ona" izaten ari dela.
Aritz Aduriz aurrelaria egiten ari den denboraldia goretsi du —28 partidatan hamalau gol sartu ditu—. "Bere golekin erakusten ari da asmatu egin genuela fitxaketan".
Athleticeko presidenteak jakinarazi du Fernando Amorebieta atzelariari kontratua berritzeko eskaintza egin diotela. Jokalariaren erantzunaren zain daude. Ekainean amaituko zaio kontratua.
Marcelo Bielsa entrenatzailearekin "harreman ona" duela adierazi du Urrutiak, eta harengan "konfiantza handia" daukala.