Michael Phelpsek ezin izan du, oraingoz, urrezko dominarik eskuratu Shanghain jokatzen ari den Munduko Txapelketan. 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan zortzi urrezko domina lortu zituen, baina aurtengo Munduko Txapelketako bi probatan ez du bat ere lortu, nahiz eta bietan domina bana eskuratu duen. Lehena 4x100 erreleboko proban eskuratu zuen, brontzezko domina; bigarrena, 200 metrokoan, zilarrezkoa.
Atzo 200 metrokoan aritu zen. Arerio, Ryan Lochte estatubatuarra izan zuen, Pekingo Olinpiar Jokoetan ere arerio zuzena izan zuen igerilaria alegia. Atzo, ordea, Lochte nagusitu zen Shanghaiko igerilekuan, 1.44,41 denborarekin, Phelps baino 38 ehuneneko azkarrago. Bien atzetik sailkatu zen Paul Biedermann alemaniarra, 2009ko Erromako Munduko Txapelketako irabazlea, 47 ehunenekora.
Proba amaitu ondoren, Phelps gustura agertu zen, nahiz eta bigarren postua lortu. «Ezin naiz kexatu. Badakit ez dudala irabazi, baina iaz baino segundo bat azkarrago aritu naiz», aitortu zuen estatubatuarrak. Bestalde, atzo gainditu zuen 200 metroko tximeleta estiloko finalerdia.
Bi estatubatuarren arteko lehiak ikusmin handia sortu zuen Munduko Txapelketen atarian, orain artean Phelps nagusitu arren, denbora gutxiko tartea ateratzen baitzuen beti. Biek elkar ikusiko duten hurrengo proba, eta azkena, 200 metro estiloetakoa izango da.
Urrezko domina lortzeko lehen aukera taldekako 4x100eko proban izan zuen, joan den igandean.Estatubatuarrak faborito ziren, baina ezin izan zuten irabazi, eta hirugarren sailkatu ziren, Australia eta Frantziaren atzetik. Domina eskuratzearekin gustura egon arren, ez zegoen konforme Phelps: «Domina bat eskuratzeko gai izan gara, eta hori ongi dago. Baina amerikarrak garenez, egiten dugun oro irabazi nahi dugu, beraz, hobeto egin dezakegula uste dut», esan zuen Phelpsek igandeko probaren ostean.
Berdinketa bizkar estiloan
Harrigarria badirudi ere, berdinketa egon zen gizonezkoen bizkar estiloko 100 metroko finalean. Garaileak Camille Lacourt eta Jeremy Stravius frantziarrak izan ziren, 52,76 segundoko denborarekin. Hori dela eta, urrezko domina bien artean banatu zuten. Horien atzetik, Ryosuke Irie japoniarrak eskuratu zuen brontzezko domina. Hasieran sinetsi ezinik zeuden arren, oso pozik agertu ziren bi frantziarrak. «Kosta zitzaigun berdinketaz ohartzea, baina oso gustura gaude lehen postua partekatuta», azaldu zuen Lacourtek.
Gaur, mutilen beste bi final jokatuko dira, 200 metro tximeleta estilokoa, eta 800 metro estilo librean. Lehenengoan Phelps ariko da, finalerdian hirugarren marka lortu ondoren. Denborarik onena Takeshi Matsuda japoniarrak lortu zuen.
Lochte nagusi, eta Phelps, ezinean
2008ko Olinpiar Jokoetan dena irabazi zuen, baina Munduko Txapelketan oraindik ez du urrerik lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu