Ryan Lochte-k (AEB, 1984) irabazi du 400 metro estiloetako urrea. Ez da hori ustekabea izan, modalitate horretan munduko txapeldun izana baita. Michael Phelpsek eman du ezustea: ez du dominarik irabazi; 400 metro estiloetako gaur arteko olinpiar txapelduna laugarren geratu da.
Thiago Pereira izan da bigarren —3.68ra—, Kousuke Hagino hirugarren —3.76ra—. Pelphs 4.10era sartu da.
Ez dago 2008an Pekinen bezala Phelps, eta hori igeriketako lehen finaleko sailkatze proban bertan ikusi da, ozta-ozta sartu baita finalera, zortzigarren denborarekin.
Olinpiar Joko batzuetan urrezko domina gehien hark lortu du (zortzi, Pekinen), orotara urrezko domina gehien duena ere hura da (hamalau), beste bi ere badauzka —brontzezkoak, 2004an Atenasen lortutakoak—, eta jokoen historian domina gehien irabazi duena ere izan nahi du. Aukera bat galdu du.
Justuki, Larisa Latinina (Ukraina, 1934) da errekor horren jabea: Melbournen (1956), Erroman (1960) eta Tokion (1964) gimnastika erritmikoan irabazi zituen guztiak bilduta, 18 domina ditu.
Larunbateko beste finalak
400 metro estilo librean (gizonezkoak)
1. Yang Sun (Txina). 3.40.14.
2. Taehwan Park (Hego Korea). 1.92ra.
3. Peter Vanderkaay (AEB). 4.55era.
400 metro estiloak (emakumezkoak)
1. Shiwen Ye (Txina). 4:28.43. Munduko errekorra
2. Elizabeth Beisel (AEB). 2.84ra.
3. Xuanxu Li (Txina). 4.48ra.
4x100 metro txandakakoa (emakumezkoak)
1. Australia. 3:33.15.
2. Herbehereak. 0.64ra.
3. AEB. 1.09ra.