Munduko Kopa 2014

Logika

Frantziak erraz menderatu du Honduras (3-0), eta txapelketa ona egiteko gaia duela erakutsi du. Lider jarri da E multzoan. 

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 15a
23:00
Entzun

Frantzia-Honduras. Jokatu aurretik, logikak esaten zuen Frantziak ez zuela arazo handirik izango hiru puntuak batzeko. Eta halaxe gertatu da. Aise menderatu du Didier Deschamps baionarraren taldeak aurkaria. Hasi eta buka. Logikoa.


Logikak esaten du bi aurkariren artean hainbesteko aldea dagoenean, aurreneko gola sartzea izaten dela gaitzena batzuetan. Halaxe izan da. Frantziak erabat azpiratua izan duen arren Honduras, ia zati oso bat kosta izan zaio gola sartzea. Atsedenaldia gainean zela, penaltiz sartu du Karim Benzemak. Eta jokaldi horretan, Hondurasko Palacios kalera botu du epaileak (bigarren txartel horia atera dio).


Logikaren arabera, talde handia jokalari bat gehiagoz denean talde txikiaren aurrean, irabazteko eta golak sartzeko gosea badu behintzat, gol gehiago sartzen ditu talde handiak. Bigarren zatia hasi eta berehala sartu du Frantziak bigarrena. Valladarasek sartu du bere atean, Hondurasko atezainak. Baloiak marra pasatu duela adierazi du teknologiak. Gola. Handik hogei minutu pasatxora, logikak bere arrazoia ezartzen segitu du: hirugarren gola Benzemak, bere bigarrena, zartako latza eman eta gero baloiari.


Logikak dio, halako partiden iraganeko zerrendan oinarrituz oraingoan, arriskua izaten dela talde txikia bere onetik ateratzeko. Galtzaile txarraren ajea bistaratzeko arriskua. Eta Hondurasek ez du kontrakorik erakutsi. Zikin antzean ibili dira jokalariak, ostikada gaiztoak joz frantziarrei. Irabazlearen gozamena sufrikario bihurtzeko arriskua izaten da halakoetan, min hartzeko arriskua tarteko. Ez du ematen Frantziako inor kaltetua izan denik.


Logikak esaten du, halako partidetan eta emaitza erabakita dagoenean bukatu baino askoz lehenago, partida hiltzen joaten dela. Zirrara du arnasetako bat futbolak, eta hori gabe, jai. Halaxe izan da. Frantziak erritmoa geratu du, Honduras ados, eta azken minutu luzeak, soberan.


Logikak esaten du, halako partidetan, irabazleari lore asko botatzeko joera izaten dela. Frantziari gertatzen ari zaio oraintxe bertan, partida bukatu berritan. Baina kontuan eduki behar da aurkariaren maila: eskasa. Hala ere, Frantziak utzi du arrastoa, bere jokatzeko ereduaren zertzelada bat edo beste. Nagusiki, hauek: oso bizi jokatzen du erasoan, erritmo azkarrean, eta jokalariek etengabe mugitzen dira, ondo mugitu ere. Eta Benzema maila bikaina erakusten ari da. Ikusi egin beharko da erasotik defentsarako trantsizioan zenbat estutzen duen Honduras baino hobea den talde batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.