«Logikoa da egindakoari jarraipena ematea»

Philippe Montanier «harrituta» dago, klubak hura karguan berresteagatik azaldu behar izan duelako

Donostia
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ohar labur baten bidez jakinarazi zuen Realak joan den astelehenean Philippe Montanierrek bere lanpostuari eutsiko ziola, aurki azalduko da Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendaria denboraldiaren analisia egitera hedabideen aurrera, eta atzo entrenatzaileak berak hartu zuen hitza Zubietan.

Orain arteko agerraldirik luzeenean (ordu erdi luzez jardun baitzen) «logikotzat» jo zuen Montanierrek klubak hartutako erabakia, denboraldiaren emaitza«positiboa» iruditu baitzaio. «Aurreneko urtea izateko txukun aritu garelakoan nago. Helburu nagusia hiru jardunaldiren faltan gauzatzeaz gain, gazteei ateak zabaldu dizkiegu. Sasoia itxuraz amaitzea lortu dugu, eta egindako lanaren emaitza positiboa dela uste dut. Logikoa da horrek jarraipena izatea», arrazoitu zuen Montanierrek.

Entrenatzaile frantziarrak jakin badaki bere lan egiteko erak ez dituela erabat ase zale txuri-urdinak, bere jarraipenaren inguruan marmarra bazegoela eta hain zuzen, esamesa horiek isilarazteko osatu zuela Anoetako taldeak oharra eta antolatu hurrengo eguneko prentsaurrekoa. «Jendeak zalantzak zituelako nago hemen». Zergatia onartzearekin batera bere harridura azaldu zuen, gehien bat, beste urtebeterako akordioa izenpetuta zuenean. «Harrigarria egin zait».

Ez da arrosa kolorekoa izan denboraldi hau Realeko entrenatzailearentzat. Txapelketari ganoraz ekin arren, berehala okertu ziren gauzak eta zortzi aste igaro zituzten irabazi ezinik. Une latzak bizi izan zituen orduan hark onartu moduan. «21 puntutatik bakarra atera genuenean gorriak ikusi nituen, ez baita onarterraza. Vallecasen 4-0 galdu genuenean, esaterako, ezintasuna sentitu nuen». Bolada gaizto hark eragin zuzena izan zuen jarraitzaileek Montanierrekiko zuten sinesgarritasunean eta Jokin Aperribai presidenteak berak ere atximur egin zion Betisen aurkako neurketaren ostean. «Nigatik esan diren gauza guztien aurrean entzungorrarena egin dut. Niri bost axola horrek. Hurrengo hamar urteetan hemendik mugituko ez banintz moduan aritu naiz, taldearen maila nola hobetu, ez dut beste kezkarik izan. Orain arteko ibilian ez dut sekula hutsik egin, beti bete izan ditut jarritako helburuak eta nire lanak bere fruituak emango zituelakoan ziur nengoen».

Bizi izandakoez hitz egin ostean bizi izango dituenez mintzatu zen. Hurrengo denboraldirako multzoa egituratzea kirol sailaren ardura izan arren, Montanierrek zerikusi zuzena izango du horretan. Argi utzi zituen bere lehentasunak. «Taldea indartu behar dugu sasoi honetako maila hobetu eta sailkapenean gorago amaitzeko. Carlos Vela fitxatzea ez da ezinezko kontua, eta ez dugu futbolari garrantzitsuenak saltzeko inolako asmorik». Mikel Aranbururen hutsunea betetzeko Gorka Elustondo, Markel Bergara eta Ruben Pardo gaztearen izenak jarri zituen mahai gainean. Azken horrek lehen taldeko fitxa izango du.

Bihar hartuko dute jai jokalariek eta uztailaren 2ra arte ez daukate zertan Zubietatik azaldu behar. Orduantxe ekingo diote denboraldi-aurreari. Montanierrek, batez ere, teknika hobetzean egingo du lan. «Gure helburu bakarra hobetzea izango da. Valentziak esaterako, maila itzela erakutsi zuen gure aurka lehen zatian eta horiekin lehiatu ahal izateko arlo guztietan hobetu beharko dugu. Maila tekniko oneko taldea badaukagu ere koska bat igotzen ahaleginduko gara, gaurko egunean teknikak egiten duelako aldea futbolean».

Anoetara hurbiltzen diren zaleekin duen harremanaz ere hitz egin zuen. «Horietako gehienekin bat egitea beti izango da gauza ona. Garrantzitsuena hala ere, taldearen jokoa da. Hori bai, Aranbururen agurra ez dut inoiz ahaztuko eta ea aurrerantzean ere egun berezi gehiago bizitzeko aukera izaten dugun».

Ifranek ez du ezer baztertzen

Aranburu eta Toño Ramirez atezainaz gain, Diego Ifranek eta Vadim Demidovek ere Reala utz lezakete hurrengo asteetan. Aurrelari uruguaitarrak esaterako, ez du tokirik izan denboraldi honetan Montanierren pentsamoldeetan eta entrenatzaileak jarraituko duela eta bere asmoen berri galdegin zitzaion atzo Zubietan. «Ez diot hemen segitzeari uko egingo, baina aukera guztiak aztertzeko prest naiz. Oraingoz ez dut klubeko inorekin hitz egin», aitortu zuen Ifranek. Bigarren itzuliaren hasieran gehiago joka zezakeela esan bazioten ere, aurrelariak aipatu zuen hori ez dela bete. «Ez da bete esan zidatena, eta zaila egiten zait orain haien hitzetan sinestea». Aurrelari uruguaitarrak beste hiru denboraldirako lan harremana dauka sinatuta Realarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.