Lomuren bidetik

Julian Savea Zeelanda Berriko hegalekoa ikusgarri ari da Munduko Kopan. Gaur Hegoafrikaren aurkako finalerdian entsegu bat lortuz gero, marka berria ezarriko du.

Julian Savea, entsegua lortzen, Frantziaren aurkako final-laurdenetako partidan. GEOFF CADDICK / EFE.
Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Frantziaren aurkako final-laurdenetako partidakoa da irudia: baloia hegalera joan da, eta Julian Saveak (Wellington, 1990) Noa Nakaitaci, Scott Spedding eta Rabah Slimani euliak bezala bazterrean utzi eta gero, entsegua sartu du. Lehen zatia bukatzear da, eta Zeelanda Berriko hegalekoak zuloa egin du markagailuan: 31-13. Askori, Jonah Lomuren (Auckland, Zeelanda Berria, 1975) estilo eta entsegu mitikoak etorri zaizkio burura. Ahots batzuk hasiak dira Lomuren oinordekoa dela erraten.

Inoiz ez da erraza izaten Lomuk utzitako arrastoari jarraitzea. Errugbiko mito handienak jokatzeari utzi zionetik ez da lehen aldia jokalari bat Lomu berri izendatzen denik. Zeelanda Berrian bikain jardun ziren hainbat jokalariri eman zitzaion titulua: Joe Rokocokori, Sitiveni Sivivaturi, Rene Rangerri... Zerrenda luze horretan, Savearena da azkenaldian bolo-bolo dabilen izena.

Konparazioak beti izaten dira korapilatsuak, eta Savearen kasuan ere zuhur hartzekoak dira. Estiloari dagokionez, egia da Saveak Lomuren jokatzeko modu berdintsua duela. Ez da bereziki teknikoa, baina dohain atletiko oso onak ditu. Potentzian maisu diren hegalekoen arrazakoa da. Kategoria horretan, baina, Lomuren gibeletik dago: Lomuk 1,96 metro garai zen, eta 120 kilo inguru pisatzen zuen sasoiko zegoenean. Savea, ordea, 1,92 metro luze da, eta ez da iristen 110 kilora.

Baina, indarrean oinarritutako estilo horretan, bada Lomuren oinordekoa: «Lomuk estilo berri bat ekarri zuen. Lehen, hegalekoak biziak ziren, baina ez ziren indartsuak. Lomuk erakutsi zuen aldi berean bizia eta indartsua izan zitekeela. Savea bide horretatik dator», dio Dan Rayk, Zeelanda Berriko errugbi kazetariak.

Kilotan ez da Lomuren mailara iritsiko, baina oldarkortasunari dagokionez, oso goi mailako jokalaria da Savea. Horrek azaltzen du defentsak hausteko duen gaitasuna. Indar horrek defentsan ere sekulako kolpeak emateko gaitasuna ekarri dio. Sare sozialetan famatu egin dira Savearen hainbat plakaketa bortitz.

Usu, estilo horretako jokalariengan ohikoa den moduan, teknikan hankamotzagoa da. Bere indarrari esker, defentsak hautsi ahal izan ditu betidanik, eta horrek teknikoki jarrera egokiak ez hartzea ekarri dio. Hainbat jokalditan, adibidez, defentsaren aurka baloia mantentzen duen eskuarekin jotzen ikusi ahal izan da, libre dagoen eskuarekin aritu ordez.

Teknika apalxeago horrek ez dio, baina, oso ibilbide oparoa egitea oztopatu. Oraindik gaztea da Savea (25 urte), eta, eskarmentua hartu ahala, peto ttipi horiek ezabatuz joanen da. Halere, ikusi beharko da ea indarrak behera eginen dionean goi maila mantentzeko gaitasuna duen .

Horiek hala, orain arte Munduko Kopa honetan egindakoa txalotzekoa da. Frantziaren aurka sartutako hiru entseguei esker, aurtengo ekitaldian zortzi entsegu sartuak ditu. Lomuk 1995eko Hegoafrikako Munduko Kopan marka berdindu du, hortaz. Gaur, hegoafrikarren aurkako finalerdian (17:00), All Blacks ohia gibelean uzteko parada izanen du. Sekulako lorpena litzateke.

Lorpena izateaz gain, baieztapena ere izanen litzateke marka hori. Saveak duen potentziala neurtzeko ezinbesteko tresna dira estatistikak. Oraingoz, 38 entsegu sartu ditu Zeelanda Berriarekin, eta 39 partida jokatu ditu. Partida bakoitzeko entsegu bat sartu du Saveak kasik. Sekulako datua da hori, Lomu bera gibelean uzten duena. Lomuk, orotara, 37 entsegu sartu zituen bere kirol ibilbidean, All Blacks-ekin —63 partida jokatu zituen—.

25 urterekin, jadanik Zeelanda Berriko entsegugile onenen zerrendan dago. Aitzinetik ditu Doug Howlett (49) Christian Cullen eta Rokocoko (46), zein Jeff Wilson (44). Gibelean utzi ditu Lomu, Tana Umaga eta Ma'a Nonu bezalako leiendak.

Lomu baino hobea egiten al du horrek Savea? Zaila da erantzun horri arrapostua ematea. Lehenik eta behin, egun, Zeelanda Berriko selekzioak Lomuren garaian baino partida gehiago jokatzen ditu. Jokoa ere, 1990eko hamarkadan baino irekiagoa da. Eta, agian Lomuren garaian ez bezala, All Blacks-ak nagusi dira.

Ebidentzia bat da erratea Zeelanda Berriko hegalean, Uruguaiko hegalean baino errazago sartzen direla entseguak. All Blacks-en maila izugarriak postura onean utzi du behin eta berriz Savea, eta lana bukatzea besterik ez du izan. Baina, Zeelanda Berrikoak nagusi badira, sekulako talentua dutelako da. Munduko Kopa honetan, adibidez, Saveak Nehe Milner-Skudderrekin osatzen duen hegaleko bikotea koska bat gorago dago. Etorkizunerako, Milner-Skudder bera izan daiteke Savearen arerio handiena, estatistiken lehia horretan. Sei norgehiagoka jokatu ditu All Blacks-ekin, eta zazpi entsegu sartu ditu jada. Savea hobetzeko bidean dator. Batzuetan, etsairik handiena etxean izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.