Sarrera ikusgarria egin nahi izateak baditu bere arriskuak eta, bart, Boris Johnson Londresko alkateak kapitulu berri bat idatzi du Londresko Olinpiar Jokoen liburuan. Izan ere, tirolina batetik zintzilik gelditu da eta soka baten laguntzaz erreskatatu behar izan dute.
Hiriburuko hainbat gunetan —tartean Victoria parkean—, BT London Festival musika eta kirol jaialdia ari dira ospatzen, Olinpiar Jokoen baitan. Bertan tirolina handi bat jarri zuten atzo, ekitaldien aurretik alkatea pasa zedin. Eta ondo hasi zuen bidea Johnsonek, harik eta amaierarako hogei metro gelditzen zitzaizkiola ez aurrera eta ez atzera gelditu zen arte.
Trajez jantzita eta eskuekin Erresuma Batuetako ikurrinak dantzarazten zituela gelditu zen zintzilik alkatea, herritarren algarak eta argazkiak jasanez. "Ekarri soka bat edo eskailera bat", eskatu zuen. Bost minutura erreskatatu zuten. Helen Glover eta Heather Stanning Erresuma Batuaren lehen urrea lortu duten kirolarien aldeko txaloak eskatuz pasatu zuen denbora Johnsonek bitartean.