Londreskoa ahazteko

Emakumezkoen eliteko erlojupekoa jokatuko da gaur Munduko Txapelketan, eta Judith Arndt da faborito argia

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Kolpe handi samarra hartu zuen Judith Arndt alemaniarrak Londresen, Olinpiar Jokoetan, Kristin Armstrong estatubatuarrak eraman baitzuen urrezko domina. Hamasei segundoren aldea besterik ez zen egon bien artean, baina bigarrenez jarraian, Armstrongentzat izan ziren ospea eta txaloak. Burua lasaitu, entrenamenduei ekin, eta Londresko arantza Limburgen ateratzeko helburu argia dauka gaur Arndtek (14:30). Azken urtebetean Marianne Vos herbeheretarraren itzalean geratu da proba gehienetan, baina gaur Limburgen ez dira lehian izango ez Armstrong eta ez Vos. Garaipenerako bidea argituta dauka alemaniarrak.

24,3 kilometro dauzka ibilbideak, eta bi igoera nabarmen daude tartean: Gronsvelderberg (2,1 km, %3,5) eta Cauberg (1,2 km, %5,8). Faboritoen zerrendari begiratua botata, hiruzpalau izen dira aipatzekoak, Arndtekin batera: LindaMelanie Villumsem Zeelanda Berrikoa —laugarren egin zuen Londresen—, Emma Pooley britainiarra, Amber Neben estatubatuarra eta Anna Van der Breggen etxeko txirrindularia. Proba horretan ez da izango euskal txirrindularirik, Eneritz Iturriagaetxebarria eta Ane Santesteban errepideko proban soilik ariko direlako, larunbatean.

Emakumezkoen elite mailako erlojupekoaz gain, junior mailakoa ere jokatuko da gaur (10:30). Eijsden eta Valkenburg artean 15,6 kilometrokoa da ibilbidea, eta igoera bakarra daukate, Bukel: 900 metro eta %4,1eko batez bestekoa dauka aldapak. Lourdes Oiarbide arabarrak parte hartuko du proba horretan. «Postua berdin zait; nire markak ondu nahi ditut», adierazi zuen joan den astean. Emaitza ona litzateke lehen hamabosten artean sartzea.

Omar Fraile, 34. postuan

Atzokoari dagokionez, Anton Vorobiev errusiarra izan zen indartsuena gizonezkoen 23 urtez azpiko erlojupekoan, Rohan Dennis eta Damien Howson australiarren aurretik. 44.09 minutu behar izan zituen Vorobievek; 44 segundo gehiago Dennisek, eta 51 gehiago Howsonek. Omar Frailek 34. postuan amaitu zuen erlojupekoa.

Atzoko beste proban, gizonezkoen junior mailako erlojupekoan, Oskar Svendsen norvegiarra izan zen azkarrena, lanak 35.34 minutuan amaituta. Matej Mohoric esloveniarrak eskuratu zuen zilarrezko domina, zazpi segundo gehiagorekin, eta Maximilian Schachmann alemaniarrak brontzea, 11 segundo gehiagorekin. Proba horretan ez zen izan euskal txirrindularirik. Atzetik aurrerako lana egin zuen norvegiarrak. Bederatzigarren denbora egin zuen lehen erreferentzia puntuan, eta seigarrena bigarrenean. Caubergeko igoera motz baina gogorrean jarri zen urrezko dominari begira.

Herenegun, berriz, beste bi proba jokatu ziren: taldekako bi erlojupekoak. Emakumezkoetan, Specialized Alemaniako taldea izan zen indartsuena, Orica Australiako taldeari 24 segundo eta AA Drink Herbehereetakoari 1.59 minutu aterata. Gizonezkoetan, berriz, estu eta larri, baina Omega Pharmak eskuratu zuen urrezko domina, BMCri hiru segundo aterata. Greenedgek lortu zuen hirugarren postua. Euskaltel-Euskadik 16. denbora egin zuen, Omega Pharmarekiko 2.30 minutura, eta Caja Ruralek 29.a, 4.32ra, Javier Aramendia tartean zela. Beste hiru euskal txirrindulari ere aritu ziren lehian: Egoitz Garciak 21. postua lortu zuen Cofidisekin, Omega Pharmarekiko 3.17ra; Haimar Zubeldiak 8.a RadioShackekin, 1.21era; eta Jonathan Castroviejok 6.a Movistarrekin, 1.19ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.