Josean Kerejeta, Iñaki Garaialde, Terry White, Pablo Laso, Abdul Jeelani, Alberto Ortega, Jesus Brizuela, Gerardo Rubio... Korac Kopan lehenengoz parte hartu zuen jokalari sorta horrek Europarako lehen jauzia eman zuen, nora eta Herbehereetara. Baskoniak herri-alde horretara egin duen lehen eta azken bidaia, hain zuzen ere. Super Cracks taldea zuten zain han. 73-88 irabazi zuen Baskoniak, eta, bide batez, lehen kanporaketa gainditu. Villeurbanek kanporatu zuen orduko Caja Alava, bigarren kanporaketan. Europako txapelketaren gozoa dastatu zuen Baskoniak, halere.
Bost denboraldiren ostean itzuli zen Tau Europara. Beste izen bat zuen elastikoan: Taugres. Entrenatzailea beste bat zen, Herb Brown. Presidentea bera ere aldatu zen parte hartu zuen lehen alditik. Kantxatik bulegoetara jauzi egin zuen Josean Kerejetak urte batzuk lehenago. Jokalarien artean Pablo Lasok baino ez zuen jarraitzen. Nicola, Rivas, Sibilio, Arlauckas eta beste hainbat jokalari izan zituen ondoan. Sttutgarten hasi zuen bidea, eta orduan ere irabaziz (91-94).
Aldaketa garrantzitsuak. Stuttgarten jokatutako partida hura lehen bidaia izan zen hainbat jokalarirentzat Europan, baita kazetari batzuentzat ere. Rafa Muntion Gasteiz Irratiko esatariak partida horretan ezagutu zuen zer zen Europan bidaiatzea, Tauren partidaren kronika egiteko. «Teknikoa etorri zen gurekin, telefono sarea nola zebilen ez genekielako; herrialdetik herrialderako sakelako telefonorik ez zegoen orduan, pentsa! Herrialde bakoitzarekin hitzartu behar zenuen sarea», gogoratu du Muntionek.
Aldaketa garrantzitsuak gertatu dira urteak aurrera egin ahala, eta txapelketak jokatu ahala. Europako Kopan eta Korac Kopan izan zituen aurkariak hiri txikiagokoak ziren hainbatetan. Orduko hegazkinek zuten bidaia sarea ere ez zen gaur egunekoa, eta Frankfurt am Maineko aireportua bigarren etxetzat izan zuten urtetan arabarrek. «Hara joan behar genuen, eta Alemaniatik, beste edonora», dio Muntionek.
Hegaldiak errazteko ahalegina egin zuen Tauk, eta Eltxoa deitzen zioten hegazkin txikia erabili. Ahalegin hori egin zuen lehen kluba izan zen. Mazedoniara joateko erabili zuten, eta lehen bidaia hura gatazkatsua izan zen oso. Bartzelonatik atera eta Italiarako bidean, Genoan lurreratu ziren lurra (Italia), ekaitza baten ondorioz. Erregaia gaizki banatu zuten hegaletan, eta beste hegazkin txiki bat hartu zuten jokalari gehienek, guztiak ez baitziren sartzen. «Eltxoa konpondu zutenean, Mazedoniara joan ginen, eta Miguel Angel Reyes jokalaria zihoan gurekin. Partidako atsedenaldian heldu ginen pabiloira, baina taldeak irabazi egin zuen», dio Muntionek.
Hegaldiek hobera egin dute urteekin, baita azpiegitura eta taldeen maila ere. Baskoniak goraka egin du Europako txapelketatan jokatu dituen 278 partidetan. Eta falta direnak. Herrialde asko dago oraindik ezagutzeko.
Bi hamarkada eskutik gora eginez
Asterix ezin da ulertu Obelix gabe. Thelma, Louise gabe. Batman, Robin gabe. Egoera bertsua gertatzen da Baskonia eta Taulell etxearekin. Hogei urte beteko dituzte elkarrekin denboraldia bukatzen denean. Egitasmo sendoa hasi ahal izateko oinarri sendoa nahi zuen Baskoniak 1987-88ko denboraldiaren aurretik. Bere burua ezagutarazteko helburua zuen Taulellek. Eskua elkarri eman ziotenetik igaro diren 20 urteek bete-betean asmatu zutela erakutsi dute.
Bost denboraldi behar izan zituen taldeak Taugres izena Europan ezagutarazten hasteko. Josean Kerejetak etorkizunerako oinarriak ezarriak zituen ordurako, eta 1991-92ko denboralditik ez zuen huts egin. Taugres izeneko taldea saskibaloiaren historian betiko geratu zen. Europako Kopako hiru final jarraian jokatu zituen 1993-94tik aurrera. Smelt Olimpiaren kontra galdu zuen lehena. Benettonen kontra bigarrena. PAOKen kontra ez zuen huts egin, ordea.
Taugres izenak Tau Ceramicari utzi zion tokia 1997-98 denboraldian, baina, gaur egun ere, Taugres izena aski gogoratua da. Maljkovic Tauko egungo teknikariak berak urteak eman zituen Taugres esaten. Tau Ceramica Baskonia izena historian sartzeko moduko merituak egin ditu dagoeneko taldeak. Atenasen azken bultzada ematen saiatuko da. Europako Kopan egin zuen bezala, hirugarrenean Kopa jasotzen saiatuko da.
Babesle aldaketa egon daitekeela esan da azken hilabetetan. Enpresa erraldoiren batek bultzatuta Baskoniaren elastikoan aldaketa izanda ere, urteak igaro beharko dira Tau Baskoniaren ondotik bereizteko, ordea. Asterix Obelixen ondotik kentzea bezala izango litzateke. Thelma Louiserengandik aldentzea bezala.