Garaipen handia lortu du gaur Miguel Angel Lopezek (Movistar) Espainiako Vueltako 18. etapan. Aurreneko aldiz igo dute Gamoniteiru, eta kolonbiarra nagusitu da mendate horren estreinaldian. Laino artean sartu da helmugan, beste hautagaiei buruz buru gailenduta. Hala, neurri batean atzoko arantza atera ahal izan du Movistarrek. Primoz Roglic (Jumbo) helmugaratu da bigarren, irabazlearengandik 14 segundo eskasera. Hots, inolako arazorik gabe eutsi dio sailkapen nagusiko lehen postuari. Hirugarren Enric Mas (Movistar) izan da, 20 segundoko atzerapenarekin.
Etapa hasi berritan, tropel itxurako ihesaldia osatu dute 32 lagunek. Euskal herritarrak ziren horietatik bost: Gorka Izagirre (Astana), Gotzon Martin (Euskaltel), Imanol Erbiti (Movistar), Aritz Bagues (Caja Rural) eta Ander Okamika (Burgos). Michael Storer (DSM), Rein Taraamae (Wanrty) eta Rafal Majka (UAE) etapa irabazleak ere iheslarien artean zeuden. Multzo jendetsua eta indartsua zen, baina tropelak ez dio nahieran aritzeko baimenik eman. Bahrainek ez du inor sartu lasterketa buruan, eta lan egin du aurrekoekiko aldea gehiegi handitu ez zedin.
San Llaurienzu zen eguneko aurreneko mendatea, eta bertan bere horretan jarraitu du lasterketak. Cobertorian, ordea, tokitatik eraso egitea deliberatu du Storerrek. Bi kilometro gelditzen ziren gainerako, eta 70 helmugarako. Alabaina, aurrez bi etapa irabazi izanak konfiantza handia eman dio australiarrari. Minutuko tartea zabaldu du azkar batean beste iheslariekin. Tropela, aldiz, bost minutura zeukan.
Ordekan kilometro asko egin behar ziren Cordalera iristeko. Txirrindulari bakarrak ez zuen zer eginik tropelaren aurka. Gainera, Movistarrek lekukoa hartu dio Bahraini onenen multzoan. Ondorioz, aldeak azkar egin du behera, eta Storerri 2.40ra hurbildu zaizkio azken-aurreko mendatearen aurretik. UAEk beste estutu bat eman nahi izan du Cordalen, baina gutxi iraun dio joak. Storerrentzat mesede. Australiarrak sendotasun handiz eutsi du buruan, eta 2.30eko abantailarekin iritsi da Gamoniteirura.
Mikel Bizkarra (Euskaltel) azken mendatearen aurretik ihes egiten saiatu da, baina gutxi iraun du tropelaren aurretik. Behin Gamoniteirun, eraso gogorragoa jo du David De la Cruzek (UAE). Zazpi kilometroren faltan harrapatu du Storer. Oilarrak, ordea, ez ziren urruti, Wanty taldeak gidatuta. Zatirik gogorrenean hasi dira mokoka: Egan Bernal (Ineos) izan da berriz aurkariak erasotzen lehena, eta haren segidan saiatu da Lopez. 30 segundoko tartea zabaldu du, eta inork ezin izan du itxi. Roglicek erritmoa aldatu du behin baino gehiagotan, eta azken estutuarekin, atzean utzi ditu Mas eta Bernal. Etapak ihes egin dio; Vuelta, ordea, zakuan dauka.