Euskal Herrian egiten duen denboraldiari hasiera ezin hobea eman dio Aritz Erkiagak (Ispaster, Bizkaia, 1987), Munduko Pilota Batzarrak antolatutako binakako txapelketa irabazi berri baitu Lopezekin, Goikoetxea eta Hernandezen aurka, Markinako Unian (35-21). Profesional mailako pilotari gazteenetakoa izaki, meritu handia dauka Erkiagak egin duenak, eta etorkizun oparoa dauka. Hala ere, hankak lurrean ondo finkatuta ditu.
Munduko txapelduna zara. Hitz potoloak dira horiek.
Egia esan, bai. Orain bi urte irabazi nuen txapelketa bat Miarritzen, baina halakorik sekula ez. Hasieran ez nuen espero txapela lortzerik, baina Lopezekin ipini nindutela ikustean hori pentsatzera iritsi nintzen. Hala ere, ez nuen uste lortuko nuenik. Ederra izan zen. Oraindik kosta egiten zait sinestea, baina hasi naiz horretan.
Finaleko zein oroitzapen duzu?
Oso ona, baina sufrimendu dezentekoa, hasieran bereziki. Lehen tantoak oso gogorrak izan ziren, eta bero itogarria zegoen pilotalekuan, baina erditik aurrera gozatu egin nuen. Neurketa hautsi eta uste baino aiseago gailendu ginen. Hamaikana gindoazela zazpi tanto egin genituen jarraian, eta hor hautsi zen finala. Txapela ipini zidaten momentua ederra izan zen.
Hasiera ikusgarria izan zuen norgehiagokak. Zergatik hautsi zen kolpetik?
Urduritasunagatik, nik uste. Teorian oso lehia estua espero genuen, aurretik ere jokatu genuelako elkarren aurka. Guk irabazi genuen, baina ozta-ozta. Horregatik pentsatzen nuen partida gogorragoa izango zela. Baina ez. Guk gure lana ongi egin genuen, eta alde apur bat lortu genuenean arriskatzen hasi ziren aurkariak. Ez zuten euren egunik onena izan, eta horregatik nagusitu ginen uste baino aiseago.
Zu, pertsonalki, zer moduz sentitu zinen?
Ondo, ondo. Normalean ez naiz urduri ipintzen den horietakoa, eta Lopezen moduko atzelari batekin, are gutxiago. Nik gaizki jokatu arren, banekien berak ongi egingo zuela bere lana. Eta biok ondo jokatuz gero, hobeto guretzako. Horrelako atzelari batekin edonork joka dezake. Momentu honetan profesionaletako atzelaririk onena da Imanol, eta plazera da harekin jokatzea.
Dudarik gabe, izar handia da Lopez, baina baita Goikoetxea ere, eta zuk tanto ederrak egin zenituen aurrean.
Bai, Goikoetxea nik ezagutu dudan puntistarik onena da. Hori bai, Txikito eta enparauak ez ditut sekula jokatzen ikusi, eta, diotenez, oso onak ziren haiek ere. Aurrean lortu nituen tantoak, ordea, engainagarriak gerta daitezke. Izan ere, Lopez agintzen aritzen da partida osoan, eta horrela tantoa amaitzea errazagoa da. Imanolekin ez da inoiz tantoa zerotik lantzen hasi behar. Gainera, animo asko ematen ditu kantxan.
Animoak Lopezek, eta bai frontoian bildu ziren pilotazaleek ere.
Markina nire bigarren herria da, asteburuak han igarotzen ditudalako eta nire aitak lan egiten duen tokia delako. Horregatik, lagun asko hurbildu ziren nire elastikoarekin eta pankartekin. Giro bikaina ipini zuten, eta eskertzekoa da. Ispastertik ere jende ugari etorri zen.
Profesional mailako puntistarik gazteenetakoa zara. Aditu askok zuregan ikusten du zesta-puntaren etorkizuna.
Hori gehiegitxo esatea dela iruditzen zait. Orain lau urte debuta egiteko aukera eman zidaten, eta geroztik hobetzen ari naiz. Lesioek ere lagundu didate, ez dut sekula arazo larririk izan. Nitaz gain beste asko ere badatoz behetik, eta zesta-puntaren etorkizuna nahiko bermatuta dagoela iruditzen zait. Nik nire lanean jarraituko dut, eta ez daukat inolako presiorik. Orain momentu ona bizitzen ari naiz, baina txarrak ere helduko dira, seguru.
Zure jokoa hobetzeko zer-nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Ba, egia esan, uztailean ez dut lan saiorik egin. Hamahiru partida jokatu ditut, eta ez dut entrenatzeko betarik izan. Partidarik ez dagoen egunetan atseden hartzea komeni da, fresko egoteko.Urtean, berriz, Goikoetxearekin ibiltzen naiz entrenatzen ia egunero. Elkar ongi ezagutzen dugu. Gurekin Irastorza ere aritzen da lanean.
AEBetan ordu ugari egingo dituzue elkarrekin. Zer moduz joan zaizu aurtengo urtea?
Goikoetxeak eta biok elkarren kontra askotan jokatzen dugu, eta hori finalean lagungarri egin zitzaidan. Hori bai, hark nire jokaldiak ere sarritan asmatzen ditu. Urtea oso ondo joan zait Miamin, inoiz baino hobeto esango nuke. Oso gustura sentitu naiz, eta zortea ere lagun izan dut. Hala ere, Euskal Herrian bezain gustura, inon ez. Azaroaren 1ean Miamira itzuliko gara berriro.
Euskal Herrian nola ikusten duzu zesta-puntaren egoera?
Ondo ez, baina gero eta hobeto. Ipar Euskal Herrian beti betetzen dira pilotalekuak, eta gustua ematen du han jokatzeak. Aldiz, hegoaldean jarraipen gutxiago daukagu. Hala ere, Markinako eta Hondarribiko pilotalekuak hor daude, eta bultzada emango dute. Zesta-puntatik bakarrik Euskal Herrian bizi ahal izatea, baina, beste kontu bat da.
Master Jai enpresa ez dago bere onenean. Horren erakusgarri Jai Alive zure enpresak egin dituen fitxaketak. Lehiakortasun ugari daukazu.
Hala da. Besteak beste, Goikoetxea Jai Aliveko pilotaria da orain, eta lehiakortasun itzela da niretzako. Hori, gainera, ona da kirol mailari begira. Iruditzen zait gure enpresan orain dagoen maila hobetzea ia ezinezkoa izango dela etorkizunean.
Aurrera begira, zein erronka dituzu?
Lanean jarraitu eta hobetzea, batez ere buruz buru. Beti moldatu izan naiz hobeto binaka banaka baino, eta hori konpontzen ahaleginduko naiz. Urri aldera hasiko da buruz buruko txapelketa, etalan txukuna egitea dut helburu. Bestela, gustura nago lortzen ari naizenarekin.
Aritz Erkiaga. Jai Aliveko puntista
«Lopezekin nintzela ikustean sinetsi nuen txapela irabaz nezakeela»
24 urte besterik ez ditu Ispasterko aurrelariak, eta munduko txapeldun izan berri da binaka. Aditu askoren ustez, zesta-puntaren etorkizunean zeresan handia emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu