Arrauna

Lortzen zailena den horren bila

Bigarren postua eta Orio tosta berean doaz Euskotren ligan, baina 'Txiki' trainerua gero eta gertuago dago irabaztetik: «Pausoz pauso goaz, prestatu bezala», dio Garazi Oliden arraunlariak.

Orioko Txiki trainerua, Donostian jokatutako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskotren ligak duen oihartzunarekin, ematen du Oriok ez duela batere banderarik astindu aurtengo traineru denboraldian, eta liga nagusia bakarrik ikusita, badirudi beti bigarren izatera kondenatua dagoela Txiki trainerua. Baina Garazi Oliden arraunlariari azkar etorri zaio hitza ahora (Orio, Gipuzkoa, 1993): «Irabazi dugu aurten. ETE ligako lehen estropada guretzat izan zen, puntuagarria izan ez zen hura, Portugaleten».

Barrutik atera zaion errebeldia puntua izan daiteke baieztapen hori hain indartsu egiteko motiboa, liga nagusian astea joan eta astea etorri bigarren geratzen ari denaren indar kolpea, «gu ere hemen gaude» esan nahiko balu bezala. Ez baitzen gozoa izan, esate baterako, aurreko igandean traineru barruan bizi izan zutena, etxeko estropada bukatu eta berehala: «Kolpea hartu genuen. Zazpi minutuz San Juanen aurretik egon ginen, baina azken hiru minutuetan beraiek hartu ziguten aurrea, eta herriko banderarik gabe geratu ginen». Kosta egin omen zitzaion Olideni egoera barneratzea: «Egun bat iraun zidan etsipenak».

Petralaldia igarota, baina, emaitzen diktaduraren atzaparretatik ihes egin, eta gauzak lasaiago ikusteko aukera ematen duen lanaren ikuspegiari heldu zion Olidenek, eta baita taldeak ere: «Asteko aurreneko entrenamendua egiteko elkartu ginenean, inork ez zeukan buruan sekula ez diegula irabaziko Euskotren ligan. Etorriko da egun hori ere». Azken bi estropadetako emaitzak ikusita, gero eta gertuago dagoela dirudi, larunbatean sei segundo eta igandean hiru galdu zituelako Oriok San Juanekiko: «Laster izango delakoan daude. Baina badakigu hori lortzeko guk oso estropada ona egin beharko dugula, eta zortea ere alde eduki».

Lana, lan ona dute helduleku oriotarrek, duela hilabete asko hasitakoa: «Badakigu inoiz baino hobeto eta gehiago entrenatu dugula iazko azarotik uda hau prestatzeko. Pauso bat gora eman nahi genuen, eta lortu dugu». Baina gehiago nahi dute, normala den bezala. Gehiago horren atzean aditz hau dago: irabazi. «Ikusi dugu bigarren lekuan finkatuak gaudela, Arraun Lagunak eta Hondarribia baino pixka bat hobeto gaudelako. Orain, San Juanengandik gero eta gertuago egon nahi dugu, hutsen bat egiten badu aukera hori baliatzeko, edo bestela guk sekulako estropada eginez irabazteko».

Burua galdu gabe ari dira, liga nagusian beti bigarren geratu izanak etsipen astunik sortu gabe: «Xantik [Zabaleta, entrenatzailea] beti esaten digu pausoz pauso joan behar dugula, eta horretan ari gara. Etorriko da garaipena, ondo ari garelako lanean».

Asteburuan, agian, helduko zaio Oriori liga nagusiko aurreneko bandera irabazteko modua. Olidenen hitzak oso kontuan hartu behar dira, badaezpada ere: «Getxoko estropada asko gustatzen zaigu. Beti gustatu izan zaigu, ez dakigu zergatik, eta aukera daukagun bandera irabazteko». Larunbatean izango da hori, eta igandean Santurtzin ariko dira. Kezka gehiago sortzen dizkio honek: «Ez dugu han inoiz arraun egin, baina badakit arriskua dagoela kaleen artean aldeak egoteko. Zortea ere eragile garrantzitsua izango da».

«Badugu tartea hobetzeko»

Ikusi egin beharko da nola ateratzen den Orio asteburu honetatik. Emaitza handiren batekin bada,arraunlariak konfiantzaz gainezka izango dira, baina, aurrenekoaren atzetik segitze badute ere, datorrenari ondo aurre egiteko moduan izango dira. Eta datorrena handia da, orain baitatoz estropada potoloenak: «Uztailean jokatzen ditugu estropada gehien, eta denak dira garrantzitsuak. Adibidez, herrikoa. Baina orain dator onena: Euskadiko Txapelketa datorren asteartean,Zarauzkoa gero, eta, ondoren, Kontxa». Badaki ondo helduko direla egun horietara: «Badaukagu tartea maila oraindik gehiago hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.