Real Madril 2. Bayern Munich 1

Loteria, Alemaniara

Bayern Munichek penaltietan kanporatu du Real Madril, eta Chelsearen aurka jokatuko du finala

jon eskudero
Donostia
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Real Madril. Casillas; Arbeloa, Ramos, Pepe, Marcelo; Khedira, Xabi Alonso; Di Maria (Kaka, 75. min.), Ozil (Granero, 111. min), C. Ronaldo; eta Benzema (Higuain, 106. min.).

Bayern Munich. Neuer; Lahm, Boateng, Badstuber, Alaba; Schweinsteiger, Luiz Gustavo; Robben, Kroos, Ribery (Muller, 95. min.); eta Mario Gomez.

Golak. 1-0. Cristiano Ronaldok penaltiz (6. min.); 2-0. Cristiano Ronaldok (14. min.); 2-1. Robbenek penaltiz (27. min.).

Epailea. Viktor Kassai (Hungaria). Txartel horiak: Real Madrileko Pepe, Arbeloa eta Granerori; eta Bayern Municheko Alaba, Robbeni, Luiz Gustavori eta Badstuberri.

Bestelakoak. 80.000 ikusle inguru Santiago Bernabeu estadioan.

Txapeldunen Ligako finala jokoan. Real Madril eta Bayern Munich zelaian. Nekea aurpegietan, eta penaltiak epaile lanetan. Irudi horixe utzi zuen atzo Santiago Bernabeuko partidak, aspaldiko onenak eta ikusgarrienak. Neurketa ahaztezin horietakoa jokatu zuten bi taldeek, dena eman zuten, eta azkenean alemaniarrek lortu zuten helburua. Merezita. Jokoan gehiago izan ziren, eta hala, etxean jokatuko dute Europako lehiaketarik garrantzitsuenekok finala, Chelsearen aurka.

Bizitasuna, edertasuna, kalitatea, emozioa, gola... Denetik eduki zuen lehenengo zatiak. Hitz batean esanda, aparta izan zen, Txapeldunen Ligako finalerdi batek behar duen bezalakoa. Bi taldeak erasorako asmoz zelairatu ziren, eta Real Madril izan zen gehien asmatu zuena, nahiz aukerarik onenak Bayern Munichek eduki. Izar batek nahikoa du segundo bat distira egiteko, eta ez zuen askoz denbora gehiago behar izan Cristiano Ronaldok hastapeneko gola sartzeko. Di Mariaren jaurtiketa batek Alemaniako jokalari baten eskuan jo zuen, eta epaileak ongi adierazi zuen penaltia. Bada, Ronaldok ez zuen barkatu, eta atezaina ederki engainatu ondoren etxekoen alde jarri zuen emaitza.

Bayer Munichek ez zuen burua jaitsi, eta berdinketa egiteko hainbat aukera sortu zituen. Sortzea, ordea, ez da aski. Sortzetik sartzera aldea dago. Robbenek barkatu egin zuen Casillasen aurrean, eta Mario Gomez ere ez zen fin aritu ate inguruan. Dena den, bazirudien kanpokoen gola lehenago edo beranduago helduko zela. Ordea, berriz ere Ronaldo izan zen babak eltzetik atera zituena. Neurketak ordu laurdena betetzerako bigarrena egin zuen portugaldarrak. Ozilek maisutasunez eman zion pasea, eta hark barrura.

Ronaldo hazita, Real Madril harrotuta, eta zaleak finalean pentsatzen hasita. Egoera horixe utzi zuen etxekoen bigarren golak. Kalkuluak ateratzea erraza zen momentu horretan, eta Bayern Munichek nahikoa zuen gol bat kanporaketa berdintzeko. Horretan saiatu zen buru-belarri, eta azkenean jaso zuen lanaren fruitua. Lahmek erdiraketa bikaina egin zuen, eta Gomez buruz errematatzera zihoala bultza egin zion Pepek. Epaileak ikusi egin zuen, eta penaltia adierazi. Robbenek hartu zuen alemaniarren lehen gola egiteko ardura, eta asmatu zuen. Negarrez izan arren, baloiak barrurako bidea hartu zuen.

Lehen berrogeita bost minutuen antza gutxi izan zuen bigarren zatiak. Entrenatzaileen aholkuak, nonbait, erne ibiltzeko aginduak izan ziren. Elkarri errespetu handia izanda jokatu zuten, eta hargatik ez zen golik egon. Hori bai, Bayern Munichek izan zuen estadio guztia aho zabalik uzteko moduko aukera. Partida amaitzeko bost minuturen faltan Casillasen aurrean bakarrik geratu zen Gomez, baina oso motel ibili zen. Beste edozein lehiatan ez zuen barkatuko, baina presioak gain hartu zion. Izan ere, presiopean heldu zen luzapena.

Luzapenean, denak jota

Presioa bai, eta nekea ere bai. Jose Mourinhok Higuain eta Granero zelairatu zituen, baina alferrik. Guztiak leher eginda zeuden, eta golaren bila joan ziren arren, penaltien usaina antzematen zen. Jokalariak giharretako arazoekin heldu ziren azken txanpara, baina entrenatzaileek hainbat jokalari zelaian mantendu zituzten, penaltiak jaurtitzeko.

120 minuturen ondoren, iritsi ziren penaltiak. Izenik sonatuenek hartu zuten erantzukizuna, eta Ronaldok eta Kakak, esaterako, huts egin zuten. Harrigarria. Azken txanpan, Alemaniarako bidea hartu zuen loteriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.