MALLORCA 6. REALA 1

Lotsagarria, penagarria

Ifranen golari esker, 0-1 irabazten hasi da Reala, baina lau gol sartu dizkiote zazpi minutuan, eta Kopatik kanpo geratu daLehen Mailako talde bat izateko, itxura onartezina eman dute txuri-urdinek

unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Ifranek (16. min.). 1-1: Chori Castrok (34. min.). 2-1: Hemedek (36. min.). 3-1: Nunesek (38. min.). 4-1: Chori Castrok (38. min.). 5-1: Alfarok (53. min.). 6-1: Hemedek (60. min.) Epailea: Ayza Gamez. Txartel horiak: Mallorcako Alfaro, Pina eta Calatayudi; eta Realeko Ifrani. Bestelakoak: 6.500 ikusle inguru Iberostar estadioan.

Lotsagarria da Realak atzo Mallorcan egindakoa. Penagarria. Kezkagarria. Beldurgarria... Eta gogoa daukanak segi dezala adjektiboak jarri eta jarri. Lehen Mailako futbol talde bat izateko, itxura onartezina eman zuten txuri-urdinek Mallorcan, Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzuliko partidan. Lur jota daudela esango dute gaur jokalariek. Ez daukatela azalpenik esango dute. Ez dakitela zer gertatu zen azpimarratuko dute. Eta hori da larriena, atzokoa azaltzerik ez dagoela. Beste denboraldi batez hasterako Kopatik kanpo geratzea da kalteetan samurrena, atzoko porrotak ondorio larriak izango dituelako. Edo izan beharko lituzkeelako. Eta ez da komeni aulkira bakarrik begiratzea. Atzoko porrot lotsagarriaren erruduna ez da Philippe Montanier bakarrik. Begiradarik errazena da hori.

Sinestezina da joaneko partidan 2-0 irabazi, eta itzulikoan, 16. minutuan 0-1 aurretik jarri ondoren, Lehen Mailako talde batek sei gol jasotzea, zazpi minutuko tartean 0-1ekotik 4-1ekora igarotzea. Atezain batek Zubikarairen pareko kontzentrazio akats ulergaitz bat edukitzea... Eta jokalariek oinez jarraitzea. Ifranen golaren ondoren, lau gol behar zituen Mallorcak aurrera egiteko. 74 minututan lau gol. Gehiegi, ametsetan hasteko. Baina Realak Granadan ere erakutsi zuen edozer gauza egiteko gai dela. Granadako partida dotore bihurtu zuen atzoko ikuskizun penagarriak.

Etxekoek zazpi minutu nahikoak izan zituzten balentria lortzeko. 34. minutuan iritsi zen Mallorcaren lehen gola, 1-1ekoa, Chori Castroren falta jaurtiketa on batean —De la Bellak beharrezkoa ez zen falta egin zuen areatik gertu—. Eta 41. minuturako 4-1 atzetik ziren txuri-urdinak. Hasi azalpen bila. Eta baten bat aurkitzen duenak eskua altxatu dezala. 36. minutuan Hemedek sartu zuen 2-1ekoa, area ertzetik egindako jaurtiketa bikain batekin —Marigak galdu zuen baloia zelai erdian—. 38. minutuan, korner batean, Nunesek sartu zuen 3-1ekoa, jauzian Marigari irabazita —aurretik 2-2koa eskura eduki zuen Xabi Prietok, Calatayuden aurrean bakar-bakarrik geratuta, baina huts egin zuen donostiarrak—. Eta 41. minutuan Chori Castrok lotsagorritu zuen Zubikarai; ondarroarrak baloia berdegunera bota zuen, inguruan inor ez zuela pentsatuta, eta uruguaitarrak atzetik etorrita lapurtu zion baloia. Hasi jokaldi horri ere azalpen bila. Lehen 45 minutuak betetzerako kalean zen Reala, zazpi minutuan lau gol jasota. 2006ko apirilaren 25ean Real Madrilek ere sei minutuko partidan gol bat sartu zuela gogoratuko ziren une horretan Realeko zale asko eta asko.

Jarrera aldaketarik ez

Pentsatzekoa da direnak eta bi entzungo zituztela txuri-urdinek aldagelan. Gaur lur jota daudela esango duten jokalari horiek berek. Baina bigarren zatiaren hasieran zelaian ez zen intentzio aldaketarik nabaritu —ezta jokalari aldaketarik ere—. Ez da erraza lehen zatiaren amaierako gol zaparrada barneratu eta kanporaketa iraultzeko gol bakarra falta dela ulertzea. Baina Lehen Mailako jokalariei eskatu behar zaien gutxienekoa da hori. 4-2koarekin donostiarren esku zegoen txartela.

Reala artista da, ordea, historiako orririk tristeenak idazten. 53. minutuan Alfarok buruz sartu zuen 5-1ekoa, atzelari txuri-urdinek, beste behin, nabarmen utzita. Eta hortxe desagertu zen lehen zatia ahaztu eta Kopari eusteko Realak zeukan itxaropen apurra. Seigarren gola behar izan zuen Montanierrek aulkira begiratu eta zerbait egiten saiatzeko. Zurutuzak leku arriskutsuan galdu zuen baloia, eta Hemedek bidali zuen baloia sareetara. Partida amaitzeko ordu erdia falta zenean, 6-1 markagailuan. Hasi azalpen bila.

Mariga, Xabi Prieto eta Zurutuza kenduta, Aranburu, Griezmann eta Agirretxe zelairatu zituen Montanierrek erreakzioren baten bila. Baina Mallorcak zazpigarren gola ez sartzea izan zen azken ordu erdiko albisterik onena. Kolpe latza jaso zuen atzo Realak, eta Kopatik ligarako jauzia egin dezake depresioak. Valentziara bidaia larunbatean; Atletico Madrilen bisita ondoren... Jokalariei dagokie hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.