Lotura apurtu duenean

Leizak hobeto hartu dio neurria bigarren zatiari, eta Gonzalezen kontra jokatuko du hurrengo kanporaketa

enekoitz telleria sarriegi
2009ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bizkaitarren adarra deitu zioten lau t'erdia aurkeztu zuten egunean. Leizak eta Berasaluze XI.ak jokatu beharra zeukatelako lehen partida, eta adar horretan zerrendaburua Berasaluze VIII.a delako. Horregatik jarri zuten nonbait lehen partida hori ere Gernikan, Bizkaian. Baina hori izan da nonbait lehen partida horretan aritu diren bi pilotariek bizkar gainean hartu duten zama gehiegizkoa. Etxekoan aurrean horren ongi eta prestu aritu nahiaren aritu beharraz, lotuta, urduri, tentsio batean aritu ziren atzo nola Iñigo Leiza hala Asier Berasaluze.

Lehenengo txandan Iñigo Leiza estututa, hankak pisutsu eta besoa ezin askatuta. 1-6 aurreratu zen Berasaluze, apartekorik ezer egin gabe. Erreakzionatu zuen Leizak, eta Berasaluzeren txanda. Haren presa eta ezin kabitua. Saketik ez, jokaldiak amaitzen ere ez, eta defentsan hor nonbait. Atzokoari gakoa jarri nahi dionak jar diezaiola sakean. Berasaluze da sakatzaile fama aparta duena. Ezin daiteke esan atzo ez zuenik asmatu, baina Leiza aritu zen dotore errestoan, eta are dotoreago sakean. Bost tanto egin zituen Leizak, eta bi baino ez Berasaluzek. 12nakotik aurrera utzi zuen partida erabakita irabazleak (21-12). Egin zuen Berasaluzek azken ahalegina, baina alferrik.

Urduritasun eta lotura festan, hobeto asmatu zuen Leizak Berasaluzek baino. Bi urtez jarraian lehen kanporaketan gelditu da Leiza kanpora, eta konfiantza emango dio behingoz bigarrenerako sailkatzeak. Gonzalezen igandeko jarduna kontuan hartuta, gainera, hura baino zuzenago eta zentzudunago jokatzea ez dela guztiz zaila pentsatuz irtengo da frontoira. Atzo bukatu zen lehen jardunaldia Gernikan, eta bigarren jardunaldirako frontoiak eta egunak erabakita daude.



Leiza 22

Berasaluze IX.a 15

Iraupena. 55 minutu.

Pilotakadak. 187.

Saketik. Iñigo Leizak bost. Asier Berasaluzek bi.

Markagailua. 1-0, 1-6, 7-8, 9-9, 12-12, 21-12, 21-14, 21-15 eta 22-15.

Bestelakoak. Jende asko Gernikako Santanape frontoian. Bi pilotariak bizkaitarrak izanda eta partida Bizkaitan jokatuta, pilotazale asko joan zen frontoira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.