Loturak sendotzen

Ander Herrerak ez du itxi Athleticeko atea. Bere «bigarren taldea» dela esan berri du. Denboraldi on batek eta talde zuri-gorriko hauteskundeek jaioterrira gertura dezakete Zaragozako erdilaria.

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Okerrik ezean, Zaragozaren hasierako hamaikakoan ariko da Ander Herrera (Bilbo, 1989) bihar San Mamesen. Eskuin izterrean izandako lesio txiki bat tarteko, ez zegoen argi jokatuko ote zuen, baina ez du huts egingo. Jose Aurelio Gay Zaragozako entrenatzailearentzat futbolari garrantzitsua da. Gaztea izan arren, nortasun handia dauka; ez da sekula kikiltzen, eta krisian dagoen talde batek hori behar du. Zaragozaren estutasunak eta horrek entrenatzailearen etorkizunean izan dezakeen eragina aintzat hartuta, inork ez du zalantzan jartzen taldeari laguntzeko futbolari egokia dela Herrera.

Zaragozan etxeko futbolaria da Herrera, azken denboraldiotan harrobitik jauzia egin duen apurrenetakoa. Oso estimatua da, baina badauka beste etxe bat, «bigarrena»: Bilbok eta Athleticek osatzen dute etxe hori. Izan ere, bilbotarra da jaiotzez. Paco Herrera bere aitaren lan kontuak tarteko -Zaragozako idazkari teknikoa da-, umetan utzi behar izan zuen Euskal Herria. Eta 17 urte Zaragozan egin ostean, Aragoiko semetzat dauka bere burua. Baina ez du ahazten Bizkaian duela familiaren zati handi bat, eta, gainera, badaki euskal herritarra izateak Athleticen atea zabaltzen diola, talde zuri-gorriaren filosofian sartzen dela, alegia. Eta, argia denez, badaki horrekin jokatzen. «Euskal herritarra naiz», esan du sarritan, baita Athletic «talde erakargarria» dela ere.

Athleticen mugimenduei eta jokalariaren esanei erreparatuz gero, bistan da bi aldeei interesatzen zaiela elkarren arteko lotura sendoa izatea. Jokalariak, esaterako, abileziaz erabili du Athleticen interesa Zaragozarekin kontratua luzatu eta etorkizuna bermatzeko. Sinatutakoa kobratzea bakarrik falta zaio orain. Izan ere, Zaragozako jokalariak bost hilabete daramatzate sosik eskuratu barik. Egoera horretan normala da Athletici «atea ez ixtea».

Herrerak talentua duela erakutsi du jada, azken pasea ematen iaioa dela, baina, oraingoz, ez du erakutsi goi mailako talde batean aritzeko maila duenik. Zelaian gauza asko erakutsi behar baitira goi mailako talde bateko erdilari aurreratua izatea merezi izateko. Beraz, haren jokoak beste aurrerapauso bat ematen ez duen bitartean, sei onenen artean sartu gura duten taldeen interesarekin konformatu beharko da. Athletic da talde horietako bat.

Beharrezkoa? Zein preziotan?

Ekaina garai aproposa izan daiteke haren egoera hobetzeko. Athleticen hauteskundeak egingo dira, eta ziur egon Herreraren izena bolo-bolo ibiliko dela. Horrek, bistan da, garestitu egingo du. Eta horren harira, bi galdera nagusituko dira: zenbat ordaindu beharko luke Athleticek harengatik? Zenbat balio du? Herrera Hirugarren Mailan ari zenean eskatu zioten hura fitxatzeko Athleticeko entrenatzaileek Fernando Garcia Makuari. Hori ikusirik, azkar eta ondo mugitu zen Zaragoza: lehen taldera igo zuen, eta hiru milioi euro eskatu. Garcia Makua ez zen aurrera egiten ausartu. Diru asko zen zer eman zezakeen argi ez zegoen futbolari bat fitxatzeko. Handik urtebetera, goi mailan lehiatzeko gai zela erakutsi zuenean, zortzi milioi eskatu zituen Zaragozak. Larregi berriz ere.

Ez dago argi Athleticek zenbat diru ordaindu beharko luke jokalaria fitxatzeko, eta, era berean, ez dago batere argi Athleticek hura fitxatzeko premia duen. Zein izango litzateke Athleticen izango lukeen garrantzia? Izango al luke lekua hamaikakoan? Horra bigarren galdera. Egun, badirudi ezetz. Gainera, askorentzat Iker Muniaini bidea itxiko lioke. Baina bere alde egin behar dela pentsatzen dutenek ez dute zalantzarik: hamaikakoan lekua bermatuta izan ez arren, taldearen batez besteko maila hobetuko luke. Eta lehiakortasuna ezinbestekoa da. Beraz, hura fitxatu beharra dago.

Athleticen gertutik jarraitzen dute Herreraren ibilbidea. Baina Zaragozan bada beste jokalari bat bistatik galtzea komeni ez dena: Ismael Lopez (Iruñea, 1990). Athleticen ziur zeuden Lehen Mailako izarra izateko dohainak zituela. Horregatik egin zuten indartsu bere alde. Baina ez du eztanda egin. Joaquin Caparrosek ez zion aukerarik eman, eta Lezama utzi zuen. Egun Zaragoza B-n ari da, baina nagusiekin entrenatzen da sarri. Athleticek hura berreskura dezake hurrengo bi sasoien bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.