Gola: 1-0: Higuainek (8. min.) Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horia Real Madrileko Arbeloa eta Ramosi eta Realeko Cadamuro, C. Martinez, I. Martinez Bergara eta Griezmanni. Bestelakoak: Anoetako estadioa ia goraino bete zen. Kanpo aldean istiluak egon ziren.
Lubakiak ez zuen iraun. Txikiegia zen, ez behintzat behar bezain sakona. Phillippe Montanierrek defentsa sistema itxia agindu zuen Real Madrili aurre egiteko, bost atzelariko lerroa eta talde osoa baloiaren atzetik jarrita. Aurkaria ikusita, zilegi zitekeen, bai behintzat hasierako erauntsiei eusteko, baina ez. Lehen talkarekin lubakia hondoratu egin zen, 8. minutuan, eta Realak lehen zati osoa kareletik bota zuen ezagutzen ez zuen sistema batean galduta. Real Madrilek baloia eta nortasuna kendu zion, eta etxekoek lehen zati grisa egin zuten. Sasoiko tristeena. Tristeena, baina, egoera da, Realak ligako azken bost partidak galdu ditu, eta gaur jaitsiera postuetan sar daiteke.
Montanier aldaketa zalea da. Txandakatzeak gustuko ditu, eta ez du lotsarik sistema aldatzeko. Atzo,ordea, bere buruari traizio egin zion. Joko on zalea da teknikaria, baina Real Madrilen aurka ez zuen halakorik bilatu. Lotsagabe sartu zen atzean. Bost atzelari eta lau erdilari pega pega eginda. Real Madril zen aurkaria, eta horrek baimena ematen zion, baina sistema berehala amildu zen (8. min). Eskuin hegaletik hasitako jokaldi batean Carlos Martinez eta Demidov begira gelditu ziren, Coentraori pentsatzen utzi zioten eta zulora pasea bota zuen Higuainek, azti baliatu zezan. Goxo-goxo loratu zuen Bravoren irteeraren gainetik.
Prestaturiko guztia bertan behera erori zen. Realak ezinean jarraitu zuen, hain atzean sartuta kostata irten zitekeelako baloiarekin. Baloi jabetza Real Madrilena zen bakarrik, erraz lapurtzen zuelako, eta gol aukerak ere bai. Hiru on izan zituen atsedenaldira iritsi aurretik, eta hiruetan bosteko atzeko lerroa ez zen fin ibili.
Bigarren zatian Realaren atzelariek asko gorago presionatu zuten. Jarrera izan zen aldatu zena eta esperimentua hobeto irten zen. Real Madrilek, berriz, lasaiago jokatu zuen, atzelarien bizkarra bilatuz. Kanpokoek izan zuten baloiaren jabetza, eta Realak, ausart, eta lehen zatian ez bezala, kosk egin zien zelai erdian. Lapurturiko baloi pare bati esker bi susto izan zituen, Vela eta Griezmannen oinetan, baina ez zuten asmatu. Aukera gutxiegi izan zirenpuntu bat gutxienez merezi izateko. Real Madril oso estu hartu zuen azken minutuetan, baina kanpokoek ere izan zuten bigarrena sartzeko aukera.
Istiluak eta labankada bat
Partidaren aurretik istiluak egon ziren Anoeta estadioko kanpo aldean eta Amarako auzoko kaleetan. Gizon bat, ustez Real Madrileko zalea, polizia iturriek zabaldu zutenez, labanaz zauritu zuten arratsaldeko zazpietan Amarako autobus geltokitik gertu dagoen taberna batean, estadiotik kilometro batera. Istiluak zabaldu egin ziren gero, eta Real Madrileko zaleek txikizioa eragin zuten Ferrerias plazako tabernetako terrazetan. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen.
REALA 0. REAL MADRIL 1
Lubakia goizegi amildu da
Realak atean sartuta ekin dio partidari, bost atzelariko defentsa sistema itxiarekin, baina Real Madrilek 8. minutuan zulatu duEtxekoek itxura oso txarra eman dute lehen zatian, eta bigarrenean ausartago aritu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu