Desberdina da Giroa, eta etapa bakoitzean antzematen da hori. Begiratu batera ezer askorik ez zeukan etapak, baina sua izan da etapa amaieran, eta ikusgarriak izan dira azken kilometroak. Etapa hastearekin batera sortu da ihesaldia, zazpi txirrindularikoa —Rodriguez (Androni), Pantano (Colombia), Bellemakers (Lotto), De Backer (Argos), Boaro (Saxo), Wauters (Vacansoleil) eta Taborre (Vini Fantini)—, eta zazpi minututik gorako aldea ere izan dute. Taborre saiatu da gehien aurrean, bakarkako lanean, baina ordurako egurrean hasita zeuden tropelean. Garminek eta Astanak erritmo bizi-bizia jarri dute Sella di Catona hirugarren mailako mendatean gora, eta txiki-txiki eginda geratu da tropel nagusia. Erasoa jo eta jo aritu da Ryder Hesjedal (Garmin), eta hamar-hamabost segundoko aldea ere izan du igoera erdi parean. Borroka horren eraginez, atzean geratu dira esprinter gehienak, eta baita Puccio (Sky) liderra ere.
Gorakoan giroa baretu arren, maldan behera erasoka jarraitu du Hesjedalek, eta erorketa asko izan da tarte horretan. Besteak beste, lurrera joan dira Betancur (Ag2r) eta Michele Scarponi (Lampre). Denbora dezente galdu du helmugan italiarrak. Borroka giro horretan, tropel buruan erasoa jo du Luca Paolinik (Katuxa), eta bakar-bakarrik helmugaratu da, hamasei segundoko aldearekin. Etapa eta lidergoa eskuratu ditu 36 urteko italiarrak. Multzo nagusian helmugaratu dira Beñat Intxausti (Movistar) eta Samuel Sanchez (Euskaltel); sailkapen nagusian laugarren dago bizkaitarra.