Lucas Egibarrek ez du zorterik izan Pyeongchangen (Hego Korea). Huts batek eta eroriko batek snowboardcrosseko proban dominaren bat lortzeko zuen ametsa zapuztu dute. Erorikoa final-zortzirenetako kanporaketan izan du, Omar Visintin italiarrarekin tupust egin eta lurrera joan denean. Bosgarren bukatu du seriea, eta lehen hirurak bakarrik sailkatzen ziren final-zortzirenetarako. Hortxe bukatu da donostiarraren parte hartzea. Aurretik, dena den, sailkapen jaitsieran, hankasartzea egin, eta hiru segundo galdu ditu. Bigarren aukeran lortu du final-zortzirenetarako sailkatzea.
24 urte bete berrirekin Egibar zen domina lortzeko aukera zuen Jokoetako euskal parte hartzaile bakarra. Iaz, munduko txapeldunorde izan zen banaka zein taldeka, eta Munduko Kopa irabazitakoa da. Duela lau urte, Sotxiko Neguko Jokoetan, zazpigarren izan zen.
BERRIAk Egibarri eginiko elkarrizketa kaleratu zuen asteartean. Elkarrizketan adierazi zuen dominaren bat lortzea zuela helburu.