Sufrituta, baina lortu du. Snowboardcross-eko Munduko Kopa irabazi du Lucas Egibar igeldoarrak. La Molinan (Herrialde Katalanak) jokatutako azken proban final-laurdenetan kanporatu dute, baina aurreko probetan lortutako puntuak nahikoa izan ditu garaikurra lortzeko. 21 urte ditu Egibarrek.
Lehen hamabosten artean sartzeko erronka jarri zion bere buruari denboraldi hasieran, baina lehen postuan iritsi zen atzo, azken jaitsierara. Aurreko asteburuan utzi zuen bideratuta txapelketa Veysonnazen (Suitza). Lehenengo egin zuen larunbatean, eta bigarren igandean. «Lasaitasuna emango didate emaitza horiek, baina presio pixka bat ere sortuko didate», esan dio Egibarrek BERRIAri aste honetan bertan. 1.800 puntu zeuzkan gipuzkoarrak, eta 1.200 hurrengo sailkatuak. Lehengo astean lortutako aldea bikain baliatu du Egibarrek.
18 urterekin, lehen titulua
Oso gazterik eman zuen lehen kolpe serioa, Lenken (Suitza), 18 urte bete berritan Europako Kopa irabazi zuenean; hurrengo urtean, 19 urterekin, Erzurumen (Turkia), junior mailako Munduko Txapelketa eskuratu zuen; Munduko Kopan, Arosan (Suitza), brontzezko domina kolkoratu zuen astebete geroago; Munduko Kopan koska bat gora egin zuen iaz, Vallnor-Arcalisen zilarrezko domina kolkoratuta; Neguko lehen Olinpiar Jokoetan, Sotxin, finaletik kanpo geratu zen, dena eskura zeukanean finalerdietan lurrera erori ondoren —final txikia irabazi zuen gero, eta zazpigarren amaitu zuen—; eta gipuzkoarrak 2015ean eman du behin betiko pausoa, Europako Kopako zilarrezko dominari Veysonnazeko Munduko Kopako bat-bikoa gehituta. La Molinan errematea eman dio denboraldiari Munduko Kopa irabazita.