Luis Leon Sanchezek (Rabobank) irabazi du Donostiako Klasikoa. Simon Gerrans (Orica) izan da bigarren, eta Gianni Meersman (Lotto) hirugarren. Igor Anton (Euskaltel) izan da lehen euskalduna, hamaikagarren postuan.
Sanchezek Donostiakoa bezalako etapa amaieratan mugitzeko duen abilezia erakutsi du, beste behin, gaurko lasterketan. Indartsuena izan gabe, Arkaleko gainetik onenekin igaro gabe, une eta toki egokian eraso egiten asmatu du, eta atzetik zuen taldetxoak ezin izan du harrapatu.
Erakustaldia eman du Rabobankeko txirrindulariak. Arkaleko bigarren eta azken igoerara 30 bat txirrindulariko taldea iritsi da garaipenerako aukerekin. Tartean ziren faboritoetako asko: Rigoberto Uran (Sky), Alejandro Valverde (Movistar), Joaquin Rodriguez (Katuxa), ... Aurrean Jaizkibelen tartea egin duen ihesaldiko azken aleak zeuden —haien artean zen Gorka Izagirre (Euskaltel)—, baina Joaquin Rodriguezen eraso bortitz baten gurpilean harrapatu dituzte. Hala, onenen talde hori bitan banatu da; Luis Leon Sanchez ez zegoen lehenengoan.
Alabaina, Errenterian elkartu egin dira atzera ere, eta handik gutxira jo du Murtziako txirrindulariak. Errepide nagusira sartzeko igoeratxo bat baliatu du erasoa jotzeko. Aparta da horrelakoetan; inork ez du atzetik irteteko imintziorik ere egin. Metro batzuk hartu ditu, eta horrek nahasmena sortu du atzekoen artean. Hortik aurrera, alferrikakoak izan dira atzeko banakako erasoak; Sanchez bakarrik iritsi da, eta atzekoek esprintean banatu behar izan dituzte podiumeko beste bi postuak.
2010. urtean ere berak irabazi zuen Donostiako klasikoa.
Sailkapena
1. Luis Leon Sanchez (Rabobank). 5.55.34
2. Simon Gerrans (Orica). 7ra.
3. Gianni Meersman (Lotto). d.b.
4. Christophe Le Mevel (Garmin). d.b.
5. Bauke Mollema (Rabobank). d.b.
6. Mauro Santambrogio (Bmc). d.b.
7. Mads Christensen (Saxo Bank). d.b.
8. Joaquim Rodriguez (Katuxa). d.b.
9. Xavier Florencio (Katuxa). d.b.
10. Diego Ulissi (Lampre). d.b.
11. Igor Anton (Euskaltel-Euskadi). d.b.