Esprinta espero zen Markina-Xemeinen, eta ihesean irabazi du Luis Leon Sanchezek (Astana). Horixe dauka Euskal Herriko Itzuliak, ezustekoentzat lekua. Hala hasi da Itzulia, ezusteko triste batekin, Ion eta Gorka Izagirre (Movistar) ez direlako abiatu, gastroentiritisak jota. Amaitu, berriz, beste ezusteko batekin amaitu da, Luis Leon Sanchezek eta Dani Navarrok saririk gabe utzi dutelako Simon Gerrans (Orica), lehen etapa irabazteko faborito argia. Astanako txirrindulariak irabazi du buruz burukoa, eta lider jarri da.
Jonathan Lastra (Caja Rural), Gianluca Brambilla (Etixx), Nicolas Edet (Cofidis) eta Marcel Wyss (IAM) ibili dira ihesean, hiru minututik gorako aldearekin, baina Oricak une oro kontrolpean izan du lasterketa, Gerransen balizko garaipena buruan. 30 kilometro falta zirela Dario Cataldok (Astana) jo du erasoa tropelean, eta Navarro eta Leon Sanchezena izan da mugimendurik serioena. Lastra jarri da lider mendiko sailkapenean, eta Edet tarteko helmugetakoan. Haimar Zubeldia (Trek), berriz, erori egin da, eta denbora dezente galdu du helmugan. Markina-Xemeinen hasi eta Garrastatxun (Amurrio) amaitu, 2. etapa jokatuko da bihar (174,2 km).