'Osasuna auzia'

Luis Sabalza: «Pozik gaude epaiarekin»

Atera da 'Osasuna auziko' epaia. Bederatzi lagun zigortu dituzte. Zigorrik handiena Osasunaren kudeatzailea izandakoak jaso du. Bidegabeko jabetzea, kontuen faltsutzea eta kirol ustelkeria leporatu dizkiete.

Bizkai eskuinean, epaiketako saioetako batera heltzen. VILLAR LOPEZ, EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 24a
09:50
Entzun

Nafarroako Auzitegiak atera du Osasuna auziaren epaia, epaiketa bukatu zela bi hilabete ere ez diren honetan, eta akusatuen aulkian eseri ziren 11 lagunetatik bederatzi zigortu ditu. Urtebete, eta zortzi urte eta zortzi hilabete bitarteko espetxe zigorrak ezarri ditu. Zigorrik handiena Angel Bizkai Osasunako kudeatzailea izandakoak jaso du: zortzi urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra; fiskalak bost urte eta 11 hilabete eskatzen zituen. Diego Makirriain fundazioko presidente ohia eta Jordi Figueras jokalaria absolbitu ditu. Bidegabeko jabetzea, kontuen faltsutzea eta kirol ustelkeria egiteagatik zigortu ditu auzitegiak.

Miguel Artxanko presidente ohia eta Jesus Peralta zuzendaritzako kide izandakoari sei urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri die auzitegiak. Artxankoren zuzendaritzan presidenteorde zen Juan Antonio Pascuali sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dio, eta Sancho Bandres orduko diruzainari, bost urte eta sei hilabetekoa. 

Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezinetako agenteak bederatzi hilabetez kartzelan egotera zigortu ditu epaiak. Azkenik, Antonio Amaya eta Xabier Torres orduan Betiseko jokalari zirenei urtebeteko kartzela zigorra ezarri die. 

Zigorrik gabe utzi dituen bakarrak Diego Makirriain Osasuna Fundazioko kudeatzaile ohia eta Jordi Figueres Betiseko jokalari ohia dira. 

Epaiak dakarren beste agindu bat ondorengoa da: zigortuek Osasunari 2,340 milioi euro eman beharko diote kalte-ordainetan, 2012tik 2014ra klubeko altxortegitik modu irregularrean atera zuten diru kopurua, hain zuzen. Artxankok eta Peraltak, gainera, 1.000  eta 2.600 euro itzuli beharko dizkiote klubari, dietak behar ez zen bezala kobratzeagatik. Bizkaik, aldiz, 600.000 euro itzuli beharko dizkio Osasunari, zehaztu gabeko mailegu batengatik. 

Zigortuek epaiari helegitea jartzeko aukera daukate Auzitegi Gorenean. 

Luis Sabalza: Osasun «klub zintzoa» da

Osasunako presidenteak epaiaren inguruko iritzia eman du, eta «pozik» daudela adierazi. Klubak egia azaleratzeko egindako lana nabarmendu du: «Osasunak ez balu salaketa jarri, epai hau ez litzateke egongo». Gogoratu zuen nola bere zuzendaritza izan zen auzitara jo zuena: «Klubean sartu ginenean gustatzen ez zitzaizkigun hainbat gauza ikusi genituelako». Presidenteak onartu du epaiak Osasunaren irudiari «kalte» egin diezaiokeela, baina, «orrialde beltz hau pasatu ahal izateko, ezinbestekoa zen epaitegiek beren lana egitea». Osasuna «klub zintzoa» izan dela esan du, eta orain, hau guztia igarota, betiko bereizgarriak berreskuratu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.