Balear Uharteetako pilotua 16:55 inguruan hil da, erorketak eragindako zaurietatik ezin osatuta. Asteburuan dira egitekoak Kataluniako Sari Nagusia, eta entrenamendu libreetako azken saioa egiten ari zela erori da, zirkuituko 12. bihurgunean.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, bertara joan zaizkio bi anbulantzia eta helikoptero bat, eta Montmelotik gertu dagoen erietxe batera eraman dute. Ebakuntza egin diote bertan, baina hil egin da.
Salomek 24 urte zituen, eta 2009an egin zuen debuta. 25 aldiz igo zen podiumera Moto3n, eta bederatzi garaipen lortu zituen maila horretan. 2012an, txapeldunorde izan zen. Moto2n, berriz, 41 sari nagusitatik hirutan igo zen podiumera.
Gaur arte, Taoufik Gattouchi Tunisiako pilotua zen hildako azken motor gidaria. Martxoan gertatu zen ezbehar hura, Qatarren Losail 600 kopan lehiatzen ari zela.