Luzapenekoa luzatu nahi

Xabi Prieto osatuta egon arren, emaitza onak lortu dituen hamaikakoari segida emango dio, itxuraz, MontanierrekVila-realek, Rossi kenduta, jokalari on denak jokatzeko prest dauzka aspaldiko partez

Agirretxe eta Griezmann, amorruz elkarri helduta, joan den astean Malagari sarturiko goletako bat ospatzen, Anoetan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Betis, Malaga eta, gaur, Vila-real. Hirutik hiru garaipen lortzeko asmotan zelairatuko dira gipuzkoarrak, aurrez eskuratutakoek eman dieten bultzada baliatuz. Aspaldiko asterik lasaiena igaro dute lehen taldeko ordezkariek Zubietan horregatik. Ez dituzte euren buruak duela bi partida bezain estu sumatu, eta zama pisutsuena arindu ondorenean beste pauso bat aurrera emateko aukera izango dute Madrigalen, goitik behera egin duen talde boteretsu baten kontra.

Realaren aldean, Vila-realekoentzat ez da barealdia iritsi inolaz ere. Juan Carlos Garrido entrenatzailea kinka larrian da aspaldidanik, eta oraingoz ez da gai izan bere jokalarien ibili zalantzatia bideratzeko. Txuri-urdinak baino puntu bat gutxiagorekin dira sailkapenaren behealdean; hortaz, zaila izango zaie aurreikuspenak betetze; gol gutxien sartu duten taldeen artean hirugarrena da eta, gehienbat, garai bateko joko alaia garatzeko galtzak bete lan ditu. Tokitan geratu da 2007-08ko denboraldia, gailurra jo zuteneko hura. Orduko hartan, Pellegrini, Pires, Cazorla eta enparauekin txapeldunorde izan ziren, Real Madrilen atzetik, Castelloko zaleek inoiz ikusi duten sasoirik ederrenean. 125 milioi euroko aurrekontua mugitzera iritsi zen Fernando Roig jabea, buztingintzaren igurtziz. Gauzak, ordea, aldatu egin dira, eta krisialdiaren ondorioz urpekari horiari pitzadurak ikusi zaizkio.

Diru sarrerak erdira jaitsi zaizkienean hasi dira arazoak. Lehiakorrak izaten jarraitzeko asmotan, Santi Cazorla taldeko bihotza saldu behar izan zioten Malagari 30 milioi euroren truk. Hutsune mingarria, Giusseppe Rossi goleatzaile trebearen lesio latzak areagotua. Italiarrarekin batera Musacchio eta Catalak ezingo dute jokatu gaur. Horrek guztiak eragin zuzena dauka Garridorenen berdeguneko gorabeherak ulertzeko. Sikiera etxean ez dira gaizki ari, ez emaitzei dagokienez bederen, 18 puntutik 11 aterata. Kanpoan, aldiz, ez dute neurria eman, benetan baldar moldatu baitira: 24 puntutik hiru lortu dituzte, eta Santanderren azken sailkatua zenaren kontra galtzetik datoz.

«Ez da ona burua gehiegi estutzea. Hurrengo neurketan baino ez dugu jarri behar arreta, aurrez gertatutakoa ahaztuta», adierazi zuen herenegun Marcos Senna kapitainak, eta bestelako jarrera erakutsi behar dutela gaineratu. Txapeldunen Ligan hitzak soberan daude. Seitik sei porrot. Azkenekoa aste honetan bertan, Napoliren aurka (0-2). Guztiz ezinean ibili diren seinale Europako burgesiaren kontra. Horrek ez du esan nahi noizbait esnatuko ez direnik, Borja Valero, Cani, Nilmar, Bruno eta Marco Ruben jokalari trebeak baititu, baizik eta nahastuta dabiltzala, egoera berrira egokitzeko komeriekin. Hala, txuri-urdinei dagokie haizetea baliatzea.

Nortasuna erakusteko garaia

Izan ere, sarri gertatu zaio kontrakoa, aurkariaren egonezinak kutsatuta otzan aritzea. Urrutira joan gabe, Mallorca, Athletic edota Zaragozaren adibideak jar litezke mahai gainean. Horregatik datorkio aspirinaren goitizena. Montanierrek uste du taldeak hobera egin duela erreskadan lortutako bi garaipenei esker, batik bat jokoari dagokionez. Deskontu denboran heldu arren Iñigo Martinezen eta Ifranen gol garrantzitsuak, neurketaren zatirik handienean Realak itxura ona agertu du, besteetan baino nabarmen osoagoa. Bide beretik jarraituz gero, zer esana izango du Vila-realen jokalekuan; lehiakorrago izan nahi badu, pauso hori ematea tokatzen zaio behingoz.

Horretarako, Xabi Prieto sartu du zerrendan Montanierrek, eta hamaikakoan izateko aukerak beti dauzka donostiarrak. Hori bai, Sevillan irabazi zuen taldea atera zuen Malagaren kontra, eta pentsatzekoa da gaur ere beste horrenbeste egingo duela. Beharbada, kopako kanporaketa begi zeharka ikuste horrek eragina izan lezake, entrenatzailearentzat txapelketa garrantzitsua baita. Edozein modutan, ez du aparteko moldaketarik egingo. Cadamuro eta Ramirez ordezko atezaina ere deialdian sartu ditu. Kanporan geratu dira, aldiz, Joseba Llorente, Ansotegi eta Zubikarai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.