Luzeegia izaten ari da bolada

Osasunak azken urtean etxetik kanpo daraman bolada txarra eten nahi du Ferran Corominasek

Iruñea
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Osasunak etxetik kanpo partida bat jokatu behar duen bakoitzean bolada txarra amaitu nahi dutela esaten ari dira Osasunako jokalariak. Iazko urtarrilaren 31tik, Vila-realen zelaian irabazi zutenetik, gorritxoak irabazi ezinda dabiltza Nafarroako Erresumatik at. Harrezkero etxetik urrun jokatutako hemeretzi partidetatik hamazazpi galdu dituzte, gainera. Bolada negargarria amaitu nahirik ari dira nafarrak azken hilabeteetan; baina, ongi zein gaizki jokatu, irabazteko modurik ez du aurkitu inon Iruñeko taldeak. Igandean Anoetara joan behar dute, eta, ohi duten legez, bolada amaitzearen garrantziaz mintzatuko dira Osasunako jokalariak Realaren aurkako derbiaren atarian.

Atzo Ferran Corominasen txanda izan zen. Espanyoletik utzita iritsi berri den jokalariak behin bakarrik jokatu du Osasunarekin etxetik at, debuteko egunean, baina Almeriak argi erakutsi zion aurkari txikirik ez dela Osasunarentzat Nafarroako Erresumatik at. «Anoeta zelai zaila dela argi dago, baina non ariko garen pentsatu gabe, etxetik kanpoko bolada txarra amaitu nahi dugu. Reala denboraldi ona egiten ari da, eta jokalari bikainak ditu, baina gu irabaztera zelairatuko gara». Bere taldekide berriek bolada txarraren inguruko azalpenik eman ote dioten galdetuta, Corominas baikor mintzatu zen, baina argibiderik eman gabe: «Azalpenik ez dago. Beti izan ohi dira bolada txarrak, baina irabazteko gosearekin zelairatu behar dugu, urtebete etxetik at irabazi ezinda gaudela ahaztuta. Denek gogoratzen dute bolada txarrarena, eta hori da okerrena».

Realari sartu zion Corominasek bere ibilbideko golik garrantzitsuena, 2006-2007 sasoiko azken partidaren luzapenean. Gol horri esker eutsi zion mailari Espanyolek. «Oroitzapen onak dakarzkit Realak, eta partida garrantzitsua da, baina besteak bezalaxe. Realari ez dizkiot zazpi gol sartu nire ibilbidean». Tamudo taldekide ohiaren inguruan ere mintzatu zen: «Jokalari bikaina da, eta haren estatistikek ederki erakusten dute hori. Onena opa diot, baina gure aurka ezer ez egitea nahiko nuke. Egon bedi lasai!».

Irandarrak, Iruñean

Gaur gauean Abu Dhabin Iranekin Errusiaren aurka adiskidantza partida jokatzekoak ziren Masud Shojaei eta Javad Nekunam, baina biak Taxoaren izan ziren atzo, hautatzaileari deialditik at uzteko eskatuta. Asiako Kopatik itzuli ostean, Jose Antonio Camachok deialditik at utzi ditu azken bi norgehiagoketan, eta arreta guztia Osasunan jarri nahi izan dute orain. Irango Futbol Federazioaren baieztapena gaur jasotzea espero du Osasunak, hautatzaileak baimena eman arren federazioaren agiri ofiziala behar baita legez bi irandarrek Anoetan jokatzeko arazorik izan ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.