Lyon-Real Madril, Txapeldunen Ligan klasiko bihurtu den lehia jokatuko da gaur

Kopenhage-Chelsea kanporaketan ingelesak dira faborito argiak, nahiz eta ez dauden boladarik onenean

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan berriz. Lyonen berriz. Olympique Lyon mamu bihurtu da Real Madrilentzat. Azken sei sasoietan espainiarrak ez dira gai izan final-zortzirenetako langa igarotzeko, eta joan den denboraldian frantziarrek utzi zituzten kanpoan espainiarrak. Lyonen 1-0 amaitu zen partida, eta Madrilen 1-1. Gaur elkarren aurka ariko dira berriz (20:45).

Real Madrilek Jose Mourinho izarra fitxatu du, ordea, titulu falta ahazteko. Hori bai, luzeegia izaten ari da Bartzelonaren itzala. Txapeldunen Ligan egin nahi du zirt edo zart Real Madrilek, portugaldarra ez baita alferrik Txapeldunen Ligako egungo txapelduna, Inter Milanekin.

Olympique Lyon, sasoi onean

Olympique Lyon, berriz, hazita iritsi da Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara. Sasoi hasierako krisia igarota, Ligako azken bi partidak 1-4 eta 4-0 irabazi ditu Saint Etienne eta Nancyren aurka. Frantziarrak zortzigarren urtez jarraian ariko dira final-zortzirenetan, eta joan den denboraldian finalerdietaraino iritsi ziren.

Pronostiko argiagoa dauka Kopenhage-Chelsea partidak. Ingalaterrako Kopatik kanpo gelditu berri da, eta Ligan bosgarren dago. Europan eraldatu egiten dira, ordea, ingelesak. Neguko atsedenaldi luzearen ondoren, lehiaketak eman ohi duen erritmorik gabe iritsiko dira danimarkarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.