Lyonek bigarrenez jarraian irabazi du Txapeldunen Liga

Frantziako taldeak 2-0 hartu du mendean FFC Frankfurt, Municheko Olinpiar Estadioan

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Txapelduna berriz ere txapeldun. Olympique Lyonek bigarren urtez jarraian irabazi du Txapeldunen Liga, atzo Municheko (Alemania) Olinpiar Estadioan jokatutako finalean FFC Frankfurt mendean hartuta (2-0). Atzoko garaipenarekin, frantziarrek berdindu egin dute Umea IK Suediako taldearen marka: bi urtez jarraian kopa altxatu. Olympique Lyonen lorpena, hala ere, haratago doa, azken hiru urteetan izan baita finalean. 2009an, estreinakoan, galdu egin zuen penaltietan FFC Turbine Potsdam Alemaniako taldearen aurka. Hurrengo bi ekitaldietan, baina, txapelak ez dio ihes egin.

Olympique Lyonen poza, FFC Frankfurten etsipena. Alemaniako taldeak bazuen itxaropena etxean, milaka zaleren babesean jokatuta Frantziako taldea ustekabean harrapatzeko, baina oso gutxi iraun zion esperantzak, ordu erdi eskas jokatu zenean jada bi gol baitzen atzetik. Le Sommerrek sartu zuen lehen gola ordu laurdena bete zenean,penaltiz, eta Abilyk bigarrena hamahiru minutu geroago. Hortik aurrera ezinean aritu ziren alemaniarrak, eta eroso frantziarrak, aldeari erraz eutsita.

Aurkaririk gabe

Olympique Lyonek atzo erakutsitako nagusitasuna ez da inolaz ere egun bateko kontua. Denboraldi honetan Txapeldunen Ligan egin duenari erreparatu besterik ez dago. Bederatzi partida jokatu ditu: zortzi irabazi eta bakarra berdindu. Are harrigarriagoa da oraindik haren golen estatistika: 39 gol sartu ditu eta bakarra sartu diote, Potsdam Alemaniako taldeak finalerdietako joaneko partidan. Hain zuzen ere, Le Sommer eta Abily finalean gola sartu zuten bi jokalariak izan dira txapelketako goleatzaile nagusiak, bederatzina gol sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.